'El Sitio del Fin del Mundo' liburua aurkeztuko du Pablo Barriok gaur, Mercero aretoan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 18a, 10:52

Pablo Barrio herritarrak gaur arratsaldean aurkeztuko die herritarrei El Sitio del Fin del Mundo, argitaratu berri duen eleberria. Antonio Mercero aretoan izango da ekitaldia, 19:00etan. Tasio Arrizabalaga eta Intza Alkain  Aforoa mugatua denez, hitzordua aurrez hartu behar da, 689 71 90 36 telefono zenbakira deitu edo Whatsapp mezu bat bidalita.

Pablo Barrio herritarrak El Sitio del Fin del Mundo eleberria argitaratu berri du, Txertoa argitaletxearekin –beste lasarteoriatar bat da arduraduna, Martin Anso–. Martxoaren 18an, ostegunarekin, aurkeztuko du Antonio Mercero aretoan, 19:00etan.

Liburuan emakume pirata batek gaztaroan bizi izan zituen abenturak kontatzen ditu, umore eta punk ukituarekin. "Eleberriak gore ukitu bat ere badaukala esango nuke, eta komikiaren tonura hurbiltzen dela", adierazi zuen prentsari egindako aurkezpenean.

Hori dela eta, piratei buruzko istorioen hainbat elementu jaso ditu alegia literario horretan, hala nola abordaiak, borrokak, akzioa... Beste batzuk, ordea, berritzaileagoak dira, kontakizunaren protagonista emakumezkoa izatea, esate baterako. 

Horrez gain, estilo ugari uztartu ditu eleberria idazterakoan: narrazioa, antzerkia eta poesia erabili ditu kontakizuna harilkatzeko.
Eleberri honen bitartez, omenaldi bat egin nahi izan die idazleak Donostiako Piratei eta Aste Nagusiari. Gainera, La Flamenka izeneko taberna bat existitu zen XVII. mendean, eta horri ere keinu bat egin nahi izan dio lasarteoriatarrak

Aurkezpenean, idazleaz gain, Tasio Arrizabalaga eta Intza Alkain herritarrek ere parte hartuko dute.

COVID-19aren aurkako segurtasun neurriak direla eta, edukiera mugatua izango du aurkezpenak. Hortaz, ekitaldira joan nahi duten herritarrek aurrez izena eman beharko dute, 689 71 90 36 telefono zenbakira deitu edo Whatsapp mezu bat bidalita. 

Erlazionatuak