Koloretako margoekin aldarrikatu dute Iratik espetxean dituen gurasoekin bizitzeko duen eskubidea

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 18a, 10:08

Hiru urte bete eta gurasoak espetxean utzita Bilbon bizi da orain Irati. Motxiladun haurrek gurasoekin bizitzen duten eskubidea aldarrikatu du Lasarte-Oriako Sarek, Okendon egindako ekitaldi batean

Martxoaren 20a, Zoriontasunaren Nazioarteko Eguna ate joka daukagu eta Sare Herritarra plataformak ekimenak iragarri ditu Bilbon eta motxiladun umeak dauden herrietan. Lasarte-Orian, berriz, margolan ederra egin dute asteazken arratsaldean Okendo plazan. Iratik espetxean dituen gurasoekin bizitzeko duen eskubidea aldarrikatu dute, kolorez. Haur eta heldu, giro politean egin dute margolana. 

Irati, Bea Etxeberria eta Iñigo Zapirain euskal presoen alaba da. Hiru urte bete ditu martxoaren 8an, eta orduz geroztik, gurasoak espetxean utzita, amama eta aititerekin Bilbon bizi da. Haurrentzako eta euren gurasoentzako urtebetetze-egunak pozgarriak izan ohi diren arren, Iratik eta bere guraso Bea eta Iñigok egun "gogorra"  izan zuten pasa den martxoaren 8an. Hala jakinarazi du Sare Herritarra plataformak: "Iratiren hirugarren urtebetetze-egunean gurasoak espetxean 520 km-ra utzita, espetxe-legeak jasotzen duen moduan, Iratik Bilbora etorri behar izan du". Irati, iragan astetik eta beste 80 bat ume bezala, motxiladun haurra dela: "Gurasoengandik urrunduta bizitzera zigortu duten haurra da".  

Bereizketa are bortitzagoa urruntze politikaren ondorioz

Irati eta bere gurasoena bezalako bereizketak izatez bortitzak badira, are bortitzagoak bihurtzen dira urruntze-politika dela eta. Sarek azpimarratu du, momentuz, bidaia luzeak egin beharko dituela umeak gurasoak ikusi ahal izateko. "Jakitun gara, pasaden ostiralean hala iragarrita, Iratiren gurasoak El Duesora (Kantabria) gerturatuko dituztela, eta pozez hartu dugu berria, baina berau gauzatu artean Iratiren egoerak berdin jarraituko du". Gaineratu dute hilean behin baino ezingo dela gurasoekin bisean biseko familiarrean elkartu, betiere Covid-19a dela-eta neurri murriztaileak ezartzen ez badira: "Gogorarazi nahi dugu motxiladun haurrek urtebete luzea daramatela gurasoak ia besarkatu gabe, komunikazioa normalizaturik gabe, eta besarkatzekoa oso aukera gutxirekin; kasu batzuetan aukerarik gabe".

Egoera horren salaketa egin du plataFormak eta gisa horretako egoerak aldatu eta haur eta gurasoen zama arintzeko bideak badaudela aldarrikatu dute: "Guraso diren presoen Euskal Herriratzea eta euskal espetxeetan modulu familiarrak ezartzea da irtenbidea". Aldarrikatu dute preso diren pertsonek guraso izateko eta familia izateko eskubide osoa dutela, eta haien seme-alabek gurasoekin bizitza ahalik eta era osatuenean garatzekoa ere bai: "Bada garaia umearen hobe beharrez dauden neurriak erabiltzeko, eta umea gurasoekin egoteko neurriak ezartzekoa; bada garaia ere, gaur eskuduntzak denon ahotan dauden honetan, EAE edota Nafarroan ama eta umea elkarrekin egon ahal izateko moduluak eraikitzeko. Gogoratu nahi dugu duela 22 urte ere modulu hauen beharra aldarrikatu genuela kaleetan, baita Gasteizko Legebiltzarrean ere. Eta gaur,  2021. urte honetan, oraindik aldarrikapen berberarekin jarraitzen dugu".

Aldarrikapen horiek guztiak egiteko elkartu dira asteazken arratsaldean Okendo plazan eta jakinarazi dute jarraituko dutela mobilizazioekin eta lanean: "Aranjuezeko kartzelan Izadi geratzen da oraindik, eta lanean jarraituko dugu Iratik bizi izan duen banaketa izan ez dezan, eta bai Irati eta bai gainerako motxiladun haurrak ere beren gurasoekin egoteko duten eskubidea bete dadin".

Eskerrak eman dizkiete plazako ekitaldira gerturatu direnei.