Gesalaga Okelan Zarautzek, garaipen garrantzitsua

Txintxarri Aldizkaria 2021eko martxoaren 18a

Gesalaga Okelan Zarautz eta Eibarren arteko norgehiagokako une bat. Arg.: Prestaenea

Ohorezko mailako Gipuzkoako taldeen derbia izan zen Asti zelaian, martxoaren 13an.  Gesalaga Okelan Zarautz taldeak Eibar izan zuen arerio. Partida borrokatua izan zen eta azken momentura arte ez zen erabaki lau puntuak nork lortuko zituen. Hainbat jardunaldi garaipenik lortu gabe egon eta bi asteko etenaldiaren ostean, Gesalaga Okelan Zarautz taldeak beharrezkoak zituen puntuak

Gesalaga Okelan Zarautz taldeak taldeak astebete izan zuen partida prestatzeko. Universitario de Bilboaren aurka jokatu eta bertako jokalari batek positibo eman zuen. PCR probak egin eta negatibo eman ostean, konfinatuta egon behar izan zuten beltzek. Lehengo astean, Uribealdearen aurkako partida bertan behera geratu zen Zarautzeko taldearen eskaerarengatik. Izan ere, taldeak etxealdia amaitu eta partidaren dataren arteko epea motza zela argudiatu baitzuen.

Eibarrek, berriz, La Unicaren aurka irabazi zuen lehengo astean eta garaipenaren bidean jarraitu nahi zuen.

Larunbatean, beraz, bi taldeak garaipena lortzera atera ziren zelaira eta jokoan nabaritu zen. Laugarren minutuan, Zarautz jarri zen aurretik entsegu eta transformazio bati esker. Bost minutura, Eibarrek berdinketa lortu zuen.

Bi taldeek arerioaren atera iristeko ahaleginak egiten zituzten eta obalaren jabetza batetik bestera ibili zen. Eibar izan zen, ordea, aurre hartu zuena entsegu bati esker, 7-12. Eta lehen zatia amaitzeko zortzi minutu geratzen zirela, talde armagileak tartea handitu zuen entsegu eta transformazio bati esker.  Zarautzek tartea murrizteko ahaleginak egin zituen baina atsedenaldia iritsi zen partida.

Bigarren zatian, borrokak jarraitu zuen. Zarautzek garaipena bilatzen zuen eta lehen zatiaren antzera, lehena izan zen markagailua handitzen. Berriro ere, entsegu eta transformazio egin zuten. Hamar minutu behar izan zituen Eibarrek markagailua mugitzeko. Ostiko libre bati esker izan zen eta 14 eta 22koa jarri zuen. Talde armagilearen abantailak gutxi iraungo zuen, ordea, entsegu eta transformazio baten bitartez Zarautz tanto batera jarri baitzen, 21-22. Partidaren azken minutuetan Eibarreko jokalariak emaitza mantentzen saiatu ziren, baina partida amaitzear zegoela Zarautzen aldeko ostiko libre bat seinalatu zuen epaileak.  Zarauzko jokalariak ez zuen huts egin.  Partida amaierako txistua baino lehen,  baloia atean sartu eta Gesalaga Okelan Zarautzek partida eskuratu zuen.

Bi herritar izan ziren Gesalaga Okelan Zarautzen deialdian: Jokin Beloki eta Beñat Arroyo. Beloki lehen hamabostekoan atera zen Astiko zelaira eta 57. Minutuan jokoa utzi zuen. Arroyok, berriz, ez zuen jokatzeko aukerarik izan eta aulkian egon zen.

Euskal Ligan garaipena

Bestetik, Hernani taldean dagoen Paola Vegak Euskal Ligako XII. Modalitateko lehen jardunaldia jokatu zuen. Hernaniko taldeak Gernikaren aurka neurtu zituen indarrak eta nagusi izan zen. 21-46 irabazi zuen.