Junior partaidetza taldeak garaipenarekin hasi du denboraldi berria

Txintxarri Aldizkaria 2021eko martxoaren 18a

Ostadar Saskibaloiko taldea, partidako atsedenetako batean Arg.: Ointxe/Angel Ayastuy

Ostadar Saskibaloiko junior partaidetza taldeak garaipenarekin hasi du txapelketa berria. 33-41 irabazi zion Mondragon Unibertsitatea Ointxe taldeari

Ostadar Saskibaloiko junior partaidetza taldeak Mondragon Unibertsitatea Ointxe taldearen aurka jokatu zuten denboraldi berezi honetako lehen norgehiagoka Arrasaten.

Hilabeteak jokatu gabe egon ostean, Ostadar Saskibaloiko juniorrak jokatzeko gogotsu zeuden. ““Emozioz jaso genuen lehiaketen itzuleraren berria. Aurtengo denboraldian, lehen partida ofiziala jokatu ahal izan dugu. Denboraldi hasieratik izan da gure helburuetako bat eta gogotsu iritsi ginen Arrasatera hori baieztatzeko,” adierazi du Gaizka Urreizti entrenatzaileak.

Partida hasiera ez zen erraza izan. Urdin-beltzak saskira iristen ziren, jaurtiketak, ordea, ez ziren guztiak saskiratze bilakatzen. “Berandu iritsi ginen berotzera eta asko nabaritu zen partida hasieran,” nabarmendu du junior partaidetza taldeko prestatzaileak.

Hala ere, zelaian baloia mugitzen hasi ziren eta lehen laurdenean aurretik egotea lortu zuten, 7-11.

Ostadarreko Itxaso Ortega jokalariaren hiruko batek eman zion hasiera bigarren laurdenari. Baina Ointxe taldeko jokalariek ez zuten etsi eta Lasarte-Oriako taldearen ahultasunez ongi baliatu ziren markagailuan gerturatzeko. Ostadarrek ez zuen tarte horretan saskiratzerik lortu eta arerioaren markagailua gora zihoala ikusirik intentsitatea handitu zuen. Horri esker, tanto batzuk egin zituen zatia amaitu baino lehen markagailuan buru mantentzeko, 15-20 .

Arerioak borrokatzeko gogoa zuela erakutsi zuen hirugarren zatiko hasieran eta lau puntu eginez, 19-20 gerturatu ziren. Ostadarrek ez zuen amore emango, ordea. Bi saskiratze eta jaurtiketa libre bati esker tartetxoa ireki zuen, berriro ere. Tamalez, Ointxek ongi erantzun zuen eta 23-25 jarri ziren. Orduan, talde urdin-beltzak defentsa lana areagotu eta intentsitatea igo zuen. Era honetara, sei puntu egin eta berriro ere, lasaitasun pixka bat lortu zuen, 23-31.

Gaizka Urreiztik zuzendutako jokalariek helburu bakarra izan zuten azken laurdenean, abantaila mantentzea. Arerioak, berriz, partida berdintzeko ahaleginak egin zituen, baina ezin izan zion Lasarte-Oriako taldeak egindako joko “lasai eta ziurrari” aurre egin. Horri esker, Ostadar junior partaidetza taldea 33-41 gailendu zen.

Lehiaketa sistema dela eta, aste honetan atsedena izango du junior partaidetza taldea. Hurrengo partida, beraz, martxoaren 27an, larunbatarekin, jokatuko du taldeak Eibarren aurka goizeko 10:00tan Maialen Chourraut kiroldegian. “Lehen partidako gogo eta intentsitate berdinarekin atera beharko gara partida irabazteko,” onartu du Urreiztik.

Beste bi talde martxan

Junior partaidetza taldeaz gain, aste honetan, junior errendimendu eta senior mailako taldeek  lehiaketa berriari ekingo diote.

Senior taldeak Maialen Chourraut kiroldegiko berotasuna izango du lehiaketa honetako lehen partidan.  Eskoriatzaren aurka jokatuko du  larunbatean, 18:00etan.

Egun horretan bertan, eguerdian junior errendimendu taldeak Goierri UZ Baleike izango du arerio, Urretxun.