Udalek eremu sozioekonomikoan eragiteko gakoak emango ditu aurtengo Udaltopek

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 18a, 11:00
Duela bi urteko UdalTop jardunaldien artxiboko argazki bat

Maiatzaren 5ean eta 6an egingo dituzte aurtengo UDALTOP Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketak. Iragan edizioa bezala, online egingo dute aurtengoa ere eta eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko gakoak emango dituztela iragarri dute. Izen ematea zabalik dago jada, eta apirilaren 23ra arte izango da horretarako aukera

Maiatza hastearekin batera egingo da aurtengo Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketak. Iazko edizioarekin alderatuta egitaraua goiz bakarretik bi goizetara pasa da, eta eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko gakoak emango dituzte: “Horixe izango da aurtengo Udaltopen ardatz nagusia. COVID-19ak bete-betean harrapatu gintuen aurreko edizioan, eta egitaraua pandemia egoerara moldatu behar izan genuen. Gure asmoa zen eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko gakoak ematea, lan-mundua euskalduntzeko beharraz aritu ginen. Aurten, gaia berreskuratzeko beharra eta aukera ikusi dugu”, azaldu dute antolatzaileek. 

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek zabalduko du aurtengo topaketa eta Eusko Jaurlaritzak diseinatu duen Euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko plana (2020-2023) aurkeztuko du. Sailburuak adierazi du “oso baliagarria" izango dela plana Udaltop bezalako foro batean aurkeztea,  bertako publikoa izango delako plana garatuko duena.

Udaletara begira gero

Dobaranek plana aurkeztu eta gero, udaletara begira jarri eta plana aplikatzeko jarraibideak emango dituzte. Siadeco ikerketa elkarteak plana udalerrietan nola aplikatu daitekeen azalduko du. Bide horretan, Iñigo Urrutia Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko irakasleak, udalek plana garatzeko dituzten tresna juridikoen inguruko gogoeta egingo du eta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak bere kontratuetan ezartzen dituen klausula sozialei jarraipena nola egiten dioten argituko du, eta, azkenik, Garapen Agentziek esparru sozioekonomikoan esku-hartzeko dituzten tresnen berri emango dute.

Joan Pujolar Kataluniako Unibertsitate Publikoko irakasleak zabalduko du bigarren eguneko egitaraua eta bizitzan zehar ezaugarri linguistikoetan izaten diren aldaketen (mudes lingüístiques) azterketa aurkeztuko du. Ikerketa horren arabera, Katalunian langunea da hizkuntza aldatzeko, mudatzeko, abagune garrantzitsuetako bat. Hari horri jarraituz, gertuagokoak ditugun abaguneen berri emango da praktika onen bidez: Lanbide Heziketako lantokiko prestakuntza eta duala; lantokietako harrera protokoloak eta Euskaraldiak sortutako Ariguneak.

Talde lana jardunaldia amaitzeko

Jardunaldia talde-lanarekin amaitzea ohikoa da Udaltopen, eta aurten ere horrela egingo dute. Aurtengo talde-lana "guztiz berritzailea" izango dela iragarri dute, online egingo baita: “Eskura dauzkagun baliabide teknikoek horretarako aukera ematen dutenez, saiakera egitea erabaki dugu”, azaldu dute antolatzaileek. Talde-lanaren emaitza, gainera, eskuliburu batean jasotzeko asmoa dagoela aurreratu dute. “Lehen eguneko hitzaldi nagusien osagarri izango da talde-lana;  bertan jasotzen diren ekarpenak hitzaldi horietan jasotako argibideak osatzeko baliagarriak izango direla ziur gaude; gure asmoa da Eusko Jaurlaritzak garatutako planaren gauzatzea erraztuko duen eskuliburua sortzea, eta bide batez, euskara teknikarien lana erraztea”.

Izen ematea zabalik

Izen-ematea asteazken honetan ireki dute eta apirilaren 23ra bitarte izango da inskripzioak egiteko aukera. Matrikulazioa www.udaltop.eus webgunean egin behar dute interesatuek eta 15 euroko kostua izango du. Antolatzaileek jakinarazi dute arrazoi teknikoengatik, ezinbestekoa dela izena ematea; formularioa betetzen dutenek soilik jasoko dute jardunaldia online jarraitzeko pasahitza.