Zabaleta Auzolan elkarteak skate parke berriaren inguruan sortu den eztabaidaren gaineko argipenak eman ditu

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 17a, 15:55

Zabaletako bizilagunen auzo elkarteak skate parkearen inguruan sorturiko eztabaidaren gainean hainbat bere jarrera zein den argitu du. Kirol ekipamenduaren kokalekuarekin agertu du desadostasuna elkartean, eta proiektuarekin

Auzo elkarteak uste du garrantzitsua dela orain artean skate parke berriaren proiektuarekin pasatako guztia testuinguruan jartzea eta "epe luzeko begiradak duen garrantziarekin ulertzea": "Egun, institutuaren ondoan dagoen Skate parkea zaharkitua dagoela agerikoa da eta hogei urte pasa dira berritu gabe. Baina, gainera, ezin dugu ahaztu aurretik ere herri honetako skaterrak urte luzeetan udalarekin izandako borroka skate parke bat udalerrian eraikitzeko". 

Gaineratu du udalak, "aldebakartasunez eta inolako galdeketarik egin gabe", erabaki duela skate parke berria Zabaletako frontoiaren atzeko lursailean eraikitzea: Salatu dute udalak ez diela udalerriko skaterri galdetu ea leku hori den beraientzako onena ala erdigunetik gertuago legokeen beste bat gustukoago luketen. Horrekin batera ere, Zabaletako auzotarrei ere ez dietela galdetu ea lursail zehatz horretan horrelako ekipamendu bat jartzea nahi duten ala beste zerbitzu mota batzuekin asetzeko beste behar batzuk dituzten. 

Gauzak horrela, Lasarte-Oriako Udalaren asmoaren aurrean, auzo elkarteak iritzi bilketa egin duela jakinarazi du, "auzotarren parte hartzea garrantzitsua" dela uste baitute. Galdetegi horretan Iritzi asko jaso dituzte, eta iragarri dute "gehiengo handi batek, kokapen horrekiko aurkakotasuna" azaldu duela, nahi eta aldeko jarrera agertu dutenak egon badauden: "Hori bai, arrazoiak aztertuz gero, aldekoen artean skate parke bat izatearen gogoa da argudio nagusia, eta kontrako arrazoiak berriz, askoz gehiago eta pisuzkoak direla esan genezake".

Auzo elkarteak skate parke berria Zabaleta auzoan eraikitzearen aurkako arrazoiak ere zerrendatu dituzte. Hauek dira: 

  • Udalerri guztiko gazteentzako irisgarriagoa izan beharko luke skate parkeak. Argi dago zabaletako aldapa muga fisiko garrantzitsu bat dela eta horrek erraz iristea zailtzen duela. Gainera, udalerriaren aldirietan jarri beharrean, erdigunetik gertuago eraiki beharko litzatekeela uste dugu.
  • Frontoira eta kirol kantxetara igo ohi den jende asko motordun ibilgailu pribatuetan igotzen da, eta skate parkea zabaletan eraikitzeak joan etorri hori handituko luke. Horrek ez dakarkio onurarik auzoari: aparkalekuak gutxitzen ditu, trafikoa eta arriskua handitzen du, eta mugikortasun jasangarri printzipioaren aurka doa.
  • Ekipamendu berri hau udalerri osoko erabiltzaileei zuzendua dago eta ez dio auzoko tokiko beharrei erantzuten, jatorriz hirigintza plangintzan aurreikusita zegoen moduan. Gainera, kirola praktikatzeko ekipamendu eta espazio nahikoa dago auzoan bestelakoekin alderatuta, eta bestelako hainbat beharri erantzun beharko lioke lursail horretako ekipamendu berriak gure ustez. (Eremu estaliak, Osasuna, hezkuntza, kultura, aisialdia, administratiboa, elikagaien hornidura,…)
  • Frontoia eta bere ingurua duela bi urte urbanizatu ziren, eta beraz, ez du inolako zentzurik egin berria hausteak.
  • Partzela horrek gaur egun badu erabilera auzotarren aldetik. Erabilera definitu gabeko partzela izateak askotariko jarduerak egiteko aukera ematen du eta horrela izaten ari da. Beste batzuen artean, frontoian espaziorik ez dagoenean bere atzeko horman jokatzen du jendeak, kantxa okupatua dagoenean, bere ordezko izan ohi da, joko librea praktikatzen da, auzoko festetan edo ekimenetan erabilera anitzak izan ditu eta abar.
  • Auzoa oraindik eraikitzen ari da eta bertara biztanle berriak etortzen ari dira. Beraz,etorkizunean auzoak izan ditzakeen beharrak ezin dira oraindik behar bezala identifikatu. Definitu gabeko partzela horrek etorkizunean beharrezkoak izan daitezkeen erabilerak jaso litzake eta egungo egoeran mantentzeak aukera hori bermatzen du.

Azpimarra berezi egin dio elkarteak aurkakotasun jarrerari. Azaldu du ez dela inoiz skate parkea eraikitzearen aurka agertu: "Beste arrazoi batzuen artean auzo elkartea ez da inor esateko udalerrian kirol ekipamendu horren beharra dagoen edo ez". Kokapen zehatzaren inguruan agertu du aurkakotasuna Zabaletako bizilagunen elkarteak: "Noski, elkartearen partetik, skateboardingaren balore positibo guztiak errespetatu eta positibotzat jotzen dira, beste hainbat kirolekin pasa ohi den moduan".

Lasarte-Oriako aurrekontuei begira, skate parkea behar den ala ez balioetsi behar dutenak alderdi politikoak direla nabarmendu dute, eta, beraiek pentsatzen dutenaren arabera, bozkatu dutenak: "Erabaki horretan, Zabaletako bizilagunen auzo elkarteak ez du inolako zerikusirik izan". 

"Udalaren malgutasun eza agerian"

Skate parke berriaren kokapena arazoaren aurrean, udalaren "malgutasun falta" da agerian geratzen dena elkartearen iritziz: “Zabaletako lursail horretan edo inon ez premisa beste guztiaren gainetik jartzea ez baita bidezkoa inorentzat". Elkarteak argi ikusten du beste leku batzuetan ere kokatu daitekeela kirol-ekipamendu hori.  
Udalari eskaera bat eginaz amaitu du du Zabaletako auzo elkarteak idatzia: "Udalari eskatzen diogu, etorkizunean, horrelako arazorik sor ez dadin eta atzera erabakien errua elkarte baten edo bestearen gainean jarri aurretik, aurre prozesuen bidez, elkarteen eta herritarren parte-hartzea behar bezala bermatu, luzera begirako ikuspegiarekin jokatu, eta ondoren, oinarri sendoekin, proposamenak egin eta erabakiak hartu ditzala".