Buruntzazpi txirrindularitza eskolako kideek hitzordu bikoitza izan zuten martxoaren 13an, larunbatarekin.
Junior mailako Etxeberria, Carbayeda, Fursenko eta Orbegozo txirrindulariek Azpeitian izan zuten lasterketa, San Jose Saria.
Hasiera neutralizatuaren ostean, lehen erasoak etorri ziren, baina tropelean egon ziren Buruntzazpiko txirrindulariak euren momentuaren zain. Altzarte gaineko lehenenengo igoeran ikusi ahal izan genituen Carbayeda eta Etxeberria. Lehen postuetan, momentu horretan buru zeuden Galder Bengoetxea eta Jokin Amorrostatik 40 segundora igaro zuten mendatea. Jaitsiera eta bigarren igoera artean, gauzak aldatu ziren, lasterketa buruan Unai Zubeldia eta Haimar Etxeberria jarri baitziren. Bi korrikalari hauen artean jokatuko zen garaipena eta helmugako azken zuzengunean erabaki zen garailea. Etxeberriak esprinta egin eta Zubeldiari aurre hartu zion azken metroetan helmugara bakarrik iritsiz.
Buruntzazpiko Beñat Carbayedak bikotearen atzetik zetorren taldearen buru igaro zuen helmuga, 42 segundora eta hirugarren postua eskuratu zuen.
Fursenkok eta Orbegozok berriz 46. eta 75. postuan amaitu zuten lasterketa, hurrenez hurren.
Kadete mailan, berriz, Usurbe saria jokatu zuten, Beasainen. Bertan Buruntzazpiko Eneko Aranguren Carbayeda eta Adur Tapia Iriarte gazteek parte hartu eta 11. postuan, zein 21. postuan iritsi ziren helmugara, hurrenez hurren.
Juniorretan beste herritar bat
Bestalde, junior mailan beste herritar bat ere ari da lehian, Viveros San Anton taldean dagoen Ander Altuna. San Jose sarian hamaseigarren postuan iritsi zen helmugara; Eibarko Udaberri Sarian, hemeretzigarren izan zen eta Egia-Zumy sarian, aldiz, bederatzigarren postuan amaitu zuen lasterketa.
Altuna, gainera, neguan ziklokros denboraldian parte hartu du. Abenduan, Gipuzkoako selekzioarekin lehiatu zen La Lagunillan, Albaceten, ospatutako proban. Bertan junior mailako hirugarren postua eskuratu zuen.