Beatriz Etxeberria eta Iñigo Zapirain euskal presoen alaba da Irati. Hiru urte bete zituen martxoaren 8an, eta, espetxe araudiak hala bultzatuta, espetxea utzi behar izan du. Sare Herritarrak salatu du gurasoekiko bereizketa bortitza bizi behar izan duela, motxiladun haurra bihurtuz: “Aitite eta amamarekin Bilbora dator”.
Espainiako Espetxe Erakundeek ostiraletan iragarri ohi dituzten mugimenduen artean, iragan astean Iratiren guraso Etxeberria eta Zapirain El Duesora eramango dituztela iragarri dute, hortaz, haurrak apur bat gertuago izango ditu aurrerantzean gurasoak. Irati Gurasoekin Etxera plataformak, ordea, aldarrikatzen du Euskal Herrira ekarri behar dituztela Etxeberria eta Zapirain eta modulu misto bat sortu behar dutela.
Margolan erraldoia Iratiren mundua koloreztatzeko
Iratiri elkartasuna adierazi eta bere mundua koloreztatzeko ekitaldia deitu du Lasarte-Oriako Sarek asteazken honetarako. Okendo plazan elkartuko dira, arratsaldeko 18:00etan. Margolan erraldoi bat egingo dutela iragarri dute. Txirringak edo patineteak, motxila, mantala eta pintzelak eramateko deia egin dute.
Iratirena bezalako kasuak ez dira “ezohikoak”
Sare Herritarrak azpimarratu du baita ere Iratirena bezalako egoerak ez direla “ezohikoak”. Haur eta guraso ugarik bizi behar izaten dituztela gisa horretako banaketak salbuespen egoerak eta urruntze politikak direla-eta.
COVID-19ak eragindako egoerak are gehiago zaildu ditu espetxeetako bisitak. Bisita horiek kontakturik gabeak eta murriztuak direla azaldu du Sarek: “Haur hauek umezurtz izatera bultzatzen ditu egoera honek eta euren bizitzan aita, ama edo biak ikusteko aukera alboratzera kondenatu, kilometroak eta kilometroak egitera behartuz”. Nabarmendu egoera horiei aurre hartzeko irtenbideak badaudela, borondate kontua dela. “Motxiladun haurren gurasoek Euskal Herrian egon behar dute eta familientzako moduluak eskaini behar zaizkie, euren eskubidea den gurasotasuna modu ahalik eta egokienean garatu ahal izateko.