Ezker Hormako finalerdi gogorra jokatu zuen larunbatean Intzako 2. mailako seniorrak. Nahiz eta Jon Pello Artetxek eta Mikel Elolak partida ona jokatu, ezin izan zuten "ia partida perfektua" egin zuen EPLEko bikotea garaitu. "Partida ona jokatu dute seniorrek, baina arerioaren joko onaren aurka ezin izan dute ezer egin", adierazi du Intzako arduradun Jose Felix Solanok.
Partida hasieratik nagusi izan zen arerioa. 4 eta 0 jarri zen eta partidaren nondik norakoa erakutsi zuten, Intzako Elola atzelaria zigortu eta nekatu nahi zuten.
15-8arekin EPLEk ihesi egingo zuela zirudien, Artetxek, ordea, aurrean jokatzeko aukera izan zuen eta "amorruz eta zorte onez" markagailuan gerturatzea lortu zuen hainbat tantori esker, 17-13.
Tamalez, bat-bateko azeleratze horren ostean, Intzako bikoteak ezin izan zuen gehiago egin.
Solanoren hitzetan, "ez dago ezer esateko. Nahiz eta galdu, partida ona egin zuten Intzako pilotariek. Arerioak atzean jokatu nahi izan zuen, ez zuten aurreko koadroetan jolastu nahi". "Artetxek ezin izan zuen ia parte hartu eta ahal izan zuen guztian lagundu zuen. Baina errematerako aukera gutxi izan zituen," atxiki du. Elolari dagokionez, "ahal zuen modura" arerioen erasoei erantzun ziela nabarmendu du eta partida luze egin zitzaiola. Era berean, EPLEko Imanol Orbegozok egindako partida biribila azpimarratu du Intzako arduradunak.
Trinketean kanpo
Bestalde, Intza KEko pilotariek beste bi hitzordu zituzten asteburuan.
Lau eta erdiko lehen mailako partida jokatu behar zuen Jon Pello Artetxek igandean. Tamalez Intxurreko pilotariak eskuetako mina zuenez, bertan behera geratu zen partida.
Trinketeari dagokionez, kadete mailako Haritza Diaz de Guereñuk ez zuen egun ona izan eta 30-3 galdu zuen EPLEko Lizarazuren aurka. Ondorioz, txapelketatik kanpo geratu da gaztea. "Entrenatu eta ikasten jarraituko du," adierazi du Solanok.