Ametsen unibertsora bidaia

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 13a, 20:30

Ganso & Cía taldeak Alpha haur antzezlanaren emanaldia egin du arratsaldean Manuel Lekuona kultur etxean.  

Siesta ordutik gertu antzokira bertaratu dira zenbait familia. Ez lotarako, noski; Gorka Ganso clownaren ikuskizunaz gozatzeko baizik. Alphak  kontzientziatik ametsen mundura igarotzeko unea islatzen du, protagonistaren beldurrak, fantasiak eta esperientziak modu komikoan erakutsiz.

Begiak itxi eta ametsen mundura bidaia egin du Gansok logela irudikatzen duen eszenografian, eta harekin batera joan dira besaulkietan eserita zeudenak buru barnean sortzen joan zaion guztia ikustera. Bidaia gorabeheratsua izan da, elkarren artean loturarik ez duten egoera batetik bestera saltoka ibili baita protagonista. Esaterako, ardiekin amesten ari dela, altxa, eta zuhaitz artean korrika hasi da, bere burua izutu du bere itzala ikusita eta lapurreta batean dagoela imajinatu du. 

Amets ilun, alai, ahaztutako oroitzapen edo nahi gabeko fantasien arteko ibilbidean ondoan eta lagun izan du Iñaki Santos pianistaren musika. 

 

 

 

Erlazionatuak

'Alpha' haur antzezlana

Txintxarri Aldizkaria 2021 mar 13 Kultura