COVID-19

Nolako esperientzia izan dute lasarteoriatarrek COVID-19ari aurre hartzeko txertoarekin?

Maddi Zaldua 2021ko mar. 12a, 12:00

Pandemiari aurre hartzeko bidean, herritarrei txertoak jartzen hasi da Osakidetza eta, horien artean, lasarteoriatar ugarik jaso dute dagoeneko. Osasun langileak eta irakasleak batu ditu TXINTXARRI aldizkariak erreportaje honetan, txertoarekin izan duten esperientzia jasotzeko

Uxue Altuna. Irakaslea 

"Poza eta urduritasuna" sentitu zuen txertoa jasotzeko hitzordua zehazteko deia jaso zuenean. Imajina dezake txertoa merkaturatu dutenerako "eraginkorra eta ziurra" izango dela, baina txerto berri bat izateak zenbait beldur ere sortzen dizkio: "Gerora zein sorpresa etor daitezkeen pentsatu izan dut". Nafarroako ikastetxe batean ari da lanean eta lurralde hartan jaso behar izan du txertoa; "batere erakargarria" egin ez zaion leku batean: "Balioanitzeko eraikin batean txertatu gaituzte; hotza sentitu dut lekua". Txertoa jaso eta berehala besoko eremu hori sentsibilizaziorik gabe geratu izan balitzaio bezala sentitu zuen, baina gerora, ez du ondoezik sentitu; nekea bakarrik. Bigarren dosia maiatzean jasoko du.

Marijo Izagirre. Landaberri ikastetxeko idazkaria 

Txertoa jartzeko bi baldintza jarri dizkio Osakidetzak Landaberriko irakasle taldeari; 55 urte baino gutxiago edukitzea eta ikastetxean maskararik erabiltzen ez duten  ikasleekin lanean aritzea. Horrela, Haur Hezkuntzako irakasleen zerrenda bat osatu dute, horien artean zegoen Marijo Izagirre Landaberri ikastetxeko idazkaria. Larunbatean txertatu zuten eta igandea etxean pasa zuela kontatu du; atsedenean, "gorputz txarrari" aurre hartu nahian. Ikastetxearen eguneroko martxan ez du gehiegi eragin irakasleen txertaketa prozesuak. Irakasle gehienak lanera itzuli ziren astelehenean. 

Maitane Olano. Erizaina

COVID-19a hautemateko probak egiten ari da lanean  urriaz geroztik. Erizaina da eta osasun langileei txertoak jartzen hasi behar zirela jakin zuenean, "segurtasun eza eta beldur pixka bat" sentitu zuela aitortu du, baina txerto bat merkaturatzen dutenerako nahiko ikerketa pasatzen dituela-eta, segurua dela pentsatuz jartzea erabaki du. Osasun langile izanik, Pfizer-BioNtech txertoa jaso du, eta ohiko ondoezak sentitu dituen arren (gripe sentsazioa eta buruko mina) gaur-gaurkoz ondo aurkitzen da. Txertoa jartzea garrantzitsua dela uste du, bizitzen ari garen egoera gainditu ahal izateko irtenbidea delako eta ospitaleetako ZIUko kolapso egoerak saihesteko.

Miriam Tolosa. Fisioterapeuta

Egun batean deia jaso, eta hurrengoan txertatu da Miriam Tolosa. Ez du denbora gehiegi izan aukera ezberdinetan pentsatzeko; "sorpresaz" harrapatu zuela aitortu du. "Herritar guztiekin batera, beranduxeago" txertatzea espero zuen eta, bat-batean, egun batetik bestera txertoa jartzeko hitzordua eman ziotenean, "beldur eta segurtasun eza" pixka bat sentitu zuen. Argi zuen, ordea, txertoa jarri, jarriko zuela: "Niregatik soilik balitz, agian ez nuke jarriko, baina kolektiboan pentsatu behar da, gizarte osoan. Nik gainera, adinekoekin egiten dut lan, hortaz, zer esanik ez". Besoko min apur bat besterik ez du sentitu, jaso duen Pfizer-BioNTechen lehen dosiarekin.  

Manu Risquez. Osasun Larrialdietako Teknikaria

COVID-19ak eragindako pandemiari aurre hartzeko lan eta lan, urte gogorra igaro du Risquezek. Otsailaren 26an jaso zuen txertoa Osasun Larrialdietako Teknikariak, baina, azaldu du protesta askoren ondoren hasi direla txertoa jasotzen. Osasun langileek bizi duten eguneroko "konplexuan" lehen lerroan lanean aritzea fisikoki zein mentalki "oso nekeza" izaten ari dela azpimarratu du herritarrak, eta txertoak zama hori arintzen lagundu diola gaineratu du: "Aukera ematen digu arnas pixka bat hartu eta birusari aurre hartzeko lanetan jarraitzeko". Pfizer-BioNTech txertoaren lehen dosia jaso du Risquezek eta ondoez orokorra, buruko zein besoko mina sentitu ditu.

David Rodriguez. Osasun-garraio Teknikaria

Osasun-garraio Teknikariek martxoaren 5erako greba-deialdia egina zuten arren, bertan behera utzi dute azkenean, txertoak jasotzen hasi direlako. "Hori izan da gure borroka; koronabirusa duten pertsonak garraiatzen ditugu eta urgentzia batera joan behar dugunean ez dakigu zerekin egingo dugun topo. Lehen lerroan ari gara lanean, eta, orain arte, ez gaituzte hala ariko bagina bezala kontuan hartu". Otsailaren 27an jaso zuen Rodriguezek txertoa eta azaldu duenez, besoko min apur bat besterik ez du izan. Argi dauka une honetan pandemiari aurre hartzeko "irtenbide bakarra" txertoa jartzea dela, hortaz, txertoa hartzeko deia egin die lasarteoriatarrei.