Udalbatzar azkarra eta arina izan da martxokoa

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 12a, 15:00

Lasarte-Oriako udal-korporazioko kideek ostegun arratsaldean egin dute martxoko ohiko udalbatzarra. 18:30erako zegoen hitzordua zehaztua, eta minutu eskas igarota eman diote hasiera saioari. Sei puntuko gai ordena zehaztu dute, eta gaiak banan bana landu dituzte azkar batean. 30 minutu eskas iraun ditu batzarrak

2021eko apiriletik 2022ko martxora arte Mugi tarifak onartzearekin hasi du udal korporazioak batzarra. Inolako azalpenik eman gabe, bozketa egin dute eta aho batez onartu. 

Basaundi Bailaran birgaitze eraginkorrerako jardueretarako erkidegoentzako finantza-laguntzen oinarrien aldaketen onartzearen inguruan jardun dira gero. Puntu hori ere zuzenean bozkatu dute, eta aho batez onartuta geratu da. 

Gai ordenako hirugarren puntuan EUDEL Euskadiko Udalek Elkarteko Martxoaren 8ko adierazpen instituzionalari atxikimendua ematea proposatu dute. Aurreko bi puntuak bezala, hau ere aho batez onartuta geratu da eta honako konpromiso hauek hartu ditu, hortaz, udalbatzarrak: 

  • Gizartean zaintza antolatzeko ereduari buruzko eztabaida bultzatzea eta eztabaida horretan buru izatea, bizitza erdigunean jartzean oinarritzen den ikuspuntu feminista batetik abiatuta, zaintzaren erantzunkidetasun sozial eta komunitarioranzko bidean.
  • Analisia egitea, genero-ikuspuntutik, kolektibo zaurgarrienen egoerari eta beharrizanei buruz, baita COVID-19aren ondorioei buruz ere, eta horiei aurre egiteko premiazko neurriak martxan jartzea.
  • COVIDaren krisiaren eragina arintzeko onartzen diren neurri guztietan genero-ikuspuntua gehitzen dela bermatzea, laguntzez eta babes-programez den bezainbatean.
  • Konponbide bideragarriak aztertzea eta ezartzea adingabekoen eta mendekotasuna dutenen zaintzari laguntzeko tokiko zerbitzuentzat, zaintza baldintza duin eta bidezkoetan egin dadin saiatuz edo/eta erraztuz, bai ematen duenarentzat bai jasotzen duenarentzat ere.
  • Udalen Berdintasun-plangintzetan, espresuki azpimarratzea emakumeen ahalduntzea, zaintzaren balioa, eta hari dagokionez gizonek duten erantzunkidetasuna.
  • Berdintasuneko tokiko politikak garatzeko eta generoa tokiko politika guztietan zehar-lerroa izateko erabiltzen diren giza baliabideak eta baliabide tekniko eta ekonomikoak sendotzea eta babestea.
  • Tokiko zaintza-sare komunitarioei babesa ematea.

EH Bildu eta ELOP alderdien mozioa

EH Bildu eta ELOP Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos udal alderdiek Martxoaren 8ari zuzendutako adierazpen instituzional bat mahaigaineratu dute. Beste hainbat informazioren artean, nabarmendu dute pandemiak gurean daraman hilabeteetan genero-desberdintasun estrukturalen gorakada errealitatea ukaezina dela eta irtenbidea ez dela pandemiaren aurreko egoerara itzultzea: "Erronka berriei ekin behar diegu, eta gizartean erroturik dauden eta, jakina, pandemian eta post-pandemian areagotu diren egoerei aurre egin, gizarte parekide eta justu bat sortzeko". 

Horrela, erakundeen koordinazioa ezinbestekoa da bi alderdientzat, eta Lasarte-Oriako Udalari honako zazpi puntuak onartzea eskatu diote: 

  • COVIDaren krisiak eragindako ondorioei erantzuteko onartzen diren laguntzetan eta laguntza-programa guztietan genero-ikuspegia txertatzen dela bermatzea.
  • Udalerrian COVID19aren ondorioak ezagutzeko azterketa sakon bat egitea,  kolektibo eta pertsona ahulenen egoera eta beharrak kontuan hartuz, udalerriko elkarte feministekin batera lan eginez,  eta eztabaida eta datuak partekatuz, ahalik eta lan errealistena izan dadin.
  • Errealitate horren eta identifikatutako beharrei aurre egiteko premiazko neurriak abiaraztea eta horien jarraipena egitea. Ezinbestekoa baita udal programen bidez kolektibo zaurgarriak, indarkeria matxista bizi dutenak, emakume eta adingabeak, emakume migratuak, guraso bakarreko familiak, bakarrik dauden adineko emakumeak eta atzematen diren kolektibo zaurgarriak babestea.
  • Emakume, nerabe eta neskatoen ahalduntze indibidual eta kolektiborako ekintzak bultzatzea, tokiko eragile feministekin batera.
  • Gure herriko emakumeen ehun-soziala indartzea, premisa feministetatik eta ahalduntze-premisetatik.
  • Premisa feministetatik abiatuta, zaintzei buruzko herri eztabaida-guneak irekitzea, zaintza-lanen balio sozial eta politikoa aitortzen duten komunikazio-kanpainak egitea,(erantzunkidetasunari arreta berezia eskainiz eta etxeko langileenak bezalako errealitateak ikusaraziz) eta tokiko zaintza sare komunitarioei babesa eta baliabideak ematea.
  • Zeharka, identifikatu diren Udalerriko emakume zein kolektibo feministek parte hartzeko bideak irekiko dira, identifikatu diren jarduera guztien diseinutik ebaluazioraino parte hartu ahal izateko, euren iritzia kontuan hartuz. 

Uxue Loinaz EH Bildu alderdiko ordezkariak adierazpena irakurrita, bozketari ekin diote.  Gai ordenako puntu hau ere onartuta geratu da, baina ez aho batez. PSE-EE eta EAJ alderdiak abstentzioa bozkatu dute eta EH Bildu eta ELOP alde. 

Bozka azalpena emateko tartea zabaldu du gero alkateak, eta EAJko Jon Antxordoki izan da hitza hartzen lehena. Azaldu du gai ordenako hirugarren puntua, EUDELen adierazpena aho batez onartu ostean bi alderdiek (EH Bilduk eta ELOPek) adierazpen hori ekartzeak harritu egin duela.  Ez du adierazpenarekiko aurkakotasun agertu, baina eskaera bat egin die; horrelako adierazpen bat zuzenean udalbatzarrera ekarri ordez, bozeramaileen batzordera eramateko, bertan adostu eta udalbatzarrera adierazpen bakar bat eramateko: "Gure irizpideena arabera egokiagoa litzateke". 

Lourdes Acevedok hitz egin du gero. Bat egin du Antxordokiren hitzekin eta nabarmendu du gai izan behar direla mezu bakarra adosteko. Abstentzioaren arrazoiak azaldu ditu gero. Esan du adierazpenak biltzen dituen puntu gehienekin bat datozen arren, hainbat puntu egikaritzeko zailak izan daitezkeela. 

Gaia itxi aurretik alkateak hartu du hitza. EH Bildu eta ELOP alderdiei zuzendu zaie, esateko aurkeztu duten adierazpena, hirugarren puntuan aurkeztu denaren (EUDElena) alternatiba gisa ekarri zitekeela. 

Bosgarren eta gai ordenako azken aurreko puntuan Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen adierazpen bat landu dute. Minbizia mundu mailako arazo soziosanitario "garrantzitsuena" dela azaldu du elkarteak adierazpenean, eta, jakitera eman du gaixotasun kasu berriak %30 baino gehiago haztea aurreikusten dela. 

Pandemiak eragindako krisiak gaixotasuna duten pertsonen eta euren familien zaurgarritasun sozial eta sanitarioa areagotu egin duela ere azaldu dute, eta  Minbiziaren Munduko Eguna dela-eta, elkartasuna adierazi nahi die gaixoei. Bide batez, gizarteari dei egin diote bizimodu osasungarria izatera, "minbiziaren arrisku faktore garrantzitsuenak" saihestera, hala nola, tabakoa, alkohola, eguzkia modu desegokian hartzea, obesitatea eta sedentarismoa. 

Bien bitartean, zaintzak sustatzeko, eta minbizia duten pertsonek eta haien familiek euren eskubideak bermatzeko behar diren bitartekoak jasotzearen aldeko aldarria egin dute. 

Alkateak adierazpena irakurri eta bozketa egin dute. Aho batez onartuta geratu da. 

Galdera eta erreguetan ere gai bat baino gehiago

EAJko Jon Antxordokik hartu du hitza galdera eta erreguen tartea zabaltzeko. Erregu bat egin dio udal gobernu taldeari. Jakinarazi du sindikatu bat jarri dela bere alderdiarekin harremanetan, kontatzeko udal eraikinak garbitzen dituzten emakumeak enpresa berri batekin ari direla lanean, eta enpresa horrek egindako azpikontratazioekin desadostasunak, arazoak daudela. Gai hori lantzeko batzorde monografiko bat eskatu du alderdi jeltzaleak. 

EH Bilduren txanda izan da gero, eta Jon Martinek hartu du hitza. Lehenik eta behin, EAJk egindako erreguarekin bat egiten dutela azaldu du, eta Zubietako erraustegiaren inguruko beste bat luzatu dio gero udal gobernu taldeari. Jakinarazi du iragan asteko Ingurugiro Batzordean alkateak azaldu zuela erraustegiaren balizko istripu baten aurrean herritarrak babesteko protokoloa GHK-n Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioan eskatu zituela. Horrekiko "harridura" agertu du EH Bilduk, orain arte hainbat udalbatzarretan protokoloaren inguruan galdetu duten bakoitzean Donostiako Udalari eskatua ziotela erantzun baitie alkateak. 

Nahasmen horrekiko kezka ere agertu du EH Bilduk eta erregutu dute protokoloak ahalik eta lasterren eskuratzeko, herritar jakin dezaten nola jokatu behar duten erraustegian balizko istripu baten aurrean segurtasuna bermatu ahal izateko. 

Alkateak erreguak jaso dituela azaldu eta amaitu egin da batzarra.