Futbol partidak Michelingo kirol gunera itzuliko dira

Txintxarri Aldizkaria 2021eko martxoaren 12a

Ostadar SKTko Ohorezko Erregional taldeko partida.

Gipuzkoako Futbol Federazioak martxoaren 2an egin zen Batzar orokorrean 2020-2021 denboraldiari amaiera eman eta lehiaketa berria martxan jartzea onartu zuen. Ondorioz, futbol taldeak lehian hasiko dira asteburu honetan 

Txapelketa horretan, talde federatuak bakarrik parte hartuko dute eta hurbiltasuna kontuan hartuta, multzo txikietan banatu dituzte taldeak.

Lasarte-Oriako bi futbol taldeetako ordezkariek jakitera eman dutenez, bat egingo dute txapelketarekin. 

Era honetara, Ostadar SKTko zortzi taldek parte hartuko dute: Ohorezko erregional mailako taldea, 1. erregional mailako taldea, Jubenilen Ohorezko mailako taldea, 1. jubenil mailako bi talde, kadete ohorezko mailako taldea eta 1. kadete mailako bi talde. Ostadar SKTko koordinatzaile Joxe Pikabeak jakitera eman duenez, Gorengo Erregional taldeak uko egin dio lehiaketan parte hartzeari.

Texas Lasartearrari dagokionez, kadete mailako taldeak bakarrik parte hartuko du. 

Igoera eta jaitsierarik gabeko lehiaketa den arren, Ohorezko erregional mailan igoerako postu bat egongo da jokoan. Beraz, maila horretan diharduen Ostadar SKTko taldeak izango du zer jokatu.

Asteburuan, beraz, Michelingo kirol-gunean futbol norgehiagokak izango dira. Ostadarreko Ohorezko Erregional taldeak, Jubenilen Ohorezko mailako taldeak eta 1. jubenil, zein 1. kadete mailako taldeak izango dira lehian, baita Texas Lasartearra taldeko kadetea ere.