COVID-19

Urtebete olatu artean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 14a, 10:00

2020ko martxotik 2021ekora, agintariek EAEn eta estatu osoan larrialdi-egoera ezarri eta etxeko konfinamendua agindu eta urtebetera, COVID-19ak 365 egun horietan Lasarte-Orian izan duen bilakaera aztertu du TXINTXARRI-k. Datu ofizialen arabera, 1.266 herritar kutsatu dira, ehun biztanletik sei pasatxo, eta hamazazpi hil. 

2020ko martxoaren 13an argitaratu genuen COVID-19ak gure egunerokoa erabat aldatu aurreko azken zenbakia, ostiralarekin. EAEn egun horretan, eta estatu osoan hurrengoan, larrialdi-egoera ezarri zuten agintariek, eta 15etik aurrera gure etxeetan konfinatuta egon behar genuela agindu, bi asterako hasiera batean, eta denbora dezente gehiagoz azkenean, maiatzean neurrien arintze mailakatua hasi zen arte, eta ekain hasieran normaltasun berria delako horretara iritsi arte. Iazko martxotik oldartuta zegoen itsasoa baretu zela zirudien, baina olatu handiak izan dira ikasturte honetan ere, bigarrena eta hirugarrena, udazkenean eta neguan; uhin artean igeri egiten ari gara, neurri batzuk ikasterako beste batzuk barneratzen, normaltasuna zer den ahazteraino, eta aurreko urteko martxoa iritsi aurretik ezagutzen genuen bizimodua noiz itzuliko zain. Bitartean, txertoak jasotzen hasi dira zenbait kolektibo, agintariek iragarri baino erritmo motelagoan. 

2020ko martxoaren 13an argitaratu genuen pandemiaren  aurreko azken aldizkaria, eta, geroztik, bizi izan ditugu hainbat gauza: osasun-egoerak eraginda paperezko edizioa zenbait astez eteteko erabakia, telelana, eskaintza informatiboa moldatu beharra, aldizkari digitalak, berriz ere txintxarri paperean banatzera buelta, herriari bizia ematen dioten ekintza ugari bertan behera geratu direla ikustea, herritarrek egoera berrira moldatzeko egin dituzten ahaleginen berri ematea, testigantzak jasotzea, idazten ditugun artikulu gehienetan –denetan ez esatearren– koronabirusa hitza erabiltzea...

Martxo erdialdeko egun hauetan, urte bat beteko da gaur-gaurkoz bizitzen jarraitzen dugun pandemiak gizartearen egunerokoa goitik behera irauli zuenetik. Alde batetik, 365 egun horiek amaiezinak izan direla sentitzen dugu, eta, bestetik, hilabeteak azkar batean joan direla iruditzen zaigu. Sentipen arraroa da, COVID-19ak eragin dituen horietatik guztietatik beste bat: badirudi atzo bertan eguneratu genituela datu epidemiologikoak aurreneko aldiz! Behin bakarrik ez, sarritan idatzi ditugu gisa horretako albisteak: egunero-egunero jarraitu ditugu zifrak, datuak, portzentajeak... Ia urtebeteko bilakaera hori jaso dugu erreportaje honetan.

1.266 kutsatze iazko martxotik 

Euskal Autonomia Erkidegoko hedabide asko eta askoren gisan, txintxarri-k erabiltzen ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astean zehar argitaratzen dituen datu epidemiologikoak. Horiek eskuetan hartuta, eta egunez eguneko jarraipena eginda, 2020ko martxoaren 18tik aurtengo martxoaren 10era arte 1.266 lasarteoriatar kutsatu ditu COVID-19ak, herrian bizi diren biztanle guztien %6,65. Bestela esanda, ehunetik sei herritar pasatxo 
–Eusko Jaurlaritzaren OpenData atariaren arabera, 19.045 pertsona bizi dira gurean–.

Datu ofizialen arabera, hamazazpi herritar zendu dira koronabirusagatik iazko martxotik. Horrek esan nahi du gaixo egon diren lasarteoriatar ia guztiak osatu egin direla, edo horretarako bidean direla, behintzat; COVID-19a pairatu dutenen %98,7, hain justu.

Arestian esan bezala, Lasarte-Orian 1.266 pertsona kutsatu ditu SARS-CoV-2 birusak. Ehunetik hogei pasatxo, gaixoen %21,8, azaroan kutsatu dira, bigarren olatuaren oldarraldi betean. Orain arteko zifrak erreferentziatzat hartuta, herrian, azaroa izan da COVID-19ak intzidentzia gehien izan duen hilabetea. 2020ko martxoaren 18tik –orduan argitaratu zuen Osasun Sailak aurreneko txostena, pandemiari buruzko datuekin– 2021eko martxoaren 10era arte, ia hamahiru hilabete pasa dira. Azaroan soilik ez, beste bitan ere detektatu ditu Osakidetzak 200 kasu edo gehiago Lasarte-Orian: iazko urrian eta aurtengo urtarrilean, 218 eta 215 kutsatze, hurrenez hurren. 

Kasu gehienak, irailetik aurrera

2020ko ikasturteko azkeneko hilabeteetan, martxotik abuztura, 170 kutsatze erregistratu zituen Osakidetzak Lasarte-Orian, aurtengo martxoaren 10era arte zenbatu direnen %13,5. COVID-19a, beraz, dezente gehiago hedatu zen iazko irailetik aurrera, orri hau ilustratzen duen grafikoan ikus daitekeenez. Guztira, 1.070 positibo diagnostikatu dira herrian 2020-2021 ikasturtean; gehienak, udazkenean, irail erdialdetik abendu erdialdera.

PCRak eta antigenoen probak egiten ditu Osakidetzak, kutsatze berriak atzemateko asmoz. 2020ko irailera arte, Lasarte-Oriakoak Antonio Mercero gunean egiten ziren, eta, orduz geroztik testak ugaritu egin zirenez, Loidibarren pilotalekua erabiltzen hasi ziren, gaur egunera arte. Koronabirusa segun eta zenbateraino oldartu, luzeagoak edo laburragoak izan dira bertako ilarak. Azken asteetatik hona, motzagoak izan dira, kasuak murriztu eta birusaren transmisioa gutxitu ahala.

Intzidentzia-tasa

Tartekiko hitz hori, intzidentzia-tasa, izan da koronabirusaren hiztegian sartu denetako bat; bolo-bolo ibili izan dute agintariek eta herritarrek, COVID-19aren hedapena gutxitzen saiatzeko neurriak adierazle horren arabera gehiago gogortzera iritsi arte –ostalaritzaren itxiera, eta Eskola Kirola etetea, esate baterako–. Tasa horren bidez neurtzen da herri bakoitzean zenbat kasu zenbatu diren 100.000 biztanleko azken hamalau egunetan, eta batez bestekoa egiten da. 0-60 artekoa bada kopuru hori, udalerria eremu berdean dago; 60tik 299ra artekoa bada, horian; 300etik 499ra artekoa bada, laranjan; eta, 500ekoa edo handiagoa bada, gorrian.

Iazko urri erdialdean ekin zion Eusko Jaurlaritzak tasa horiek koloreka sailkatzeari txosten epidemiologikoetako atal hori semaforoak bezala erakusteari. Eremu gorrian urriaren 25ean sartu ginen aurrenekoz, eta hilabetez izan genuen 500 kasu edo gehiagoko intzidentzia-tasa metatua. 2021. urte hasierara arte eutsi genion beheranzko joerari; urtarrilaren 6an erregistratu zen ordura arteko tasa baxuena herrian, 110,27koa. Goranzko bidea hartu genuen berriro, hirugarren olatuaren puntan egoteraino –otsailaren 2an eta 3an 803,36ko batez bestekoa izatera iritsi ginen, nahiz eta kopuru altuena iazko azaroaren 11koa izan, 1.009,30–. 

Gaur-gaurkoz, berriz ere jaisteko dinamikan gaude, eta eremu berdean sartu gara aurrenekoz, martxoaren 8an, 52,51ko tasarekin. Bi egun beranduago, ordea, horira igaro gara berriro, baina 60ko mugatik gertu gaude (78,76).

Eskualdeko egoera

Lasarte-Oria da Beterri-Buruntza eskualdea osatzen duen herrietako bat. Beste bostak, hauek: Andoain, Astigarraga, Hernani, Urnieta eta Usurbil. Gurean gertatu bezala, azken asteetan koronabirusaren intzidentzia nabarmen jaitsi da udalerri horietan. Usurbil eremu berdean dago, eta horian beste guztiak, baina berdetik gertuago laranjatik baino. Martxoaren 11ko herriz herriko datuak izan dira TXINTXARRI-k kontsultatu ahal izan dituen azkenak erreportaje honen bertsio digitala argitaratu aurretik, ostegunekoak, eta, horien arabera, eskualdean hemezortzi kasu atzeman dituzte: bosna Andoainen, Hernanin eta Lasarte-Orian; bi Urnietan; eta bat Astigarragan. EAE erkidegoko zifrak, berriz, hauek izan dira: 369 kasu, horietatik 106 Gipuzkoan. 8.571 PCR eta antigenoen proba egin dituzte Osakidetzako beharginek kutsatze berriak atzemateko; positibotasun-tasa %4,3 izan da. OME Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, pandemia bat "kontrolpean" dagoela esan ahal izateko, portzentaje horrek %5 baino baxuagoa behar du.

Aste Santuko oporraldia ate-joka dago, eta ikusteke dago COVID-19a berriz ere hedatuko den, joerak berdin jarraituko duen edo are gehiago apalduko den. LABI aholku batzordearen azken bilera eta gero, Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen itxiera perimetrala udalerri-mailakoa izatetik erkidego-mailakoa izatera igaro zela. Asteartean sartu zen neurri hori indarrean, martxoak 9. Besteetan, oraingoz, aldaketarik ez: lau pertsonara arteko bilerak, ordutegi eta edukiera murriztuak merkatarientzat, 22:00etatik 06:00etara arteko etxeratze-agindua... Murrizketak ikasi eta ahaztearen prozesu hori luzerako etorri dela dirudi. Bitartean, olatu artean igeri egiten ari gara.