AEKren 'Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!' dinamika Lasarte-Oriara ere iritsi da

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 13a, 09:24

https://www.aek.eus/ekarpenak/'Bultza euskaltegiak! Bultza euskara' dinamika jarri du martxan AEK-k, euskalduntze-mugimenduaren garrantzia aurten ere ikusarazteko. 22. Korrika amaitzekoa zen egun berean, martxoaren 28an, ekitaldiak egingo dituzte herriz herri, baita Lasarte-Orian ere. 12:00etan izango da, Okendo plazan, ehun pertsonara arteko edukiera mugatuarekin.

2021. urteko martxoak berezia izan behar zuen, besteak beste, zoro zoragarri ugarik euskararen aldeko kilometroak egingo zituztelako Euskal Herri osoan barrena. COVID-19aren eraginez, ordea, antolatzaileak, AEK-k, urtebete atzeratzea erabaki du, horrelako ekitaldi jendetsu bat egitea posible izango delakoan.

Nahi eta espero baino modu xumeagoan, baina aurten ere euskalduntze-mugimenduaren garrantzia azaleratu nahi du AEK-k, eta, horretarako, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara izeneko dinamika jarri du martxan. "Euskal Herrian bizi diren pertsonen %55 erdalduna da. Berdintasunean oinarritutako jendartea amets badugu, argi dago herritar helduen euskalduntzea behar dugula, eta, horretarako, euskaltegi sendoak behar ditugu", adierazi du AEK-k. Ikasturte hau pandemiak baldintzatu badu ere, prozesua "bide onetik" doala esan du, urtero-urtero 45.000 pertsonatik gora ari baitira bere euskaltegietan ikasten. Hala ere, azpimarratu du finantzaketa ez dela aski "aurrerapausoak" eman diren arren: "EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko administrazioek euskara euskaltegietan ikasteari bultzada estrategikoa eman behar diotela uste dugu". 

Hiru ardatz 

Administrazioei gutunak, ekarpen ekonomikoak eta herritarren bultzada. Hiru ardatz horietan oinarritzen da AEK-k aurkeztu duen dinamika. "Duela 55 urte, Rikardo Arregik bidalitako gutunean, argi islatu zen helduen euskalduntzea ezinbestekoa zela, hizkuntzaren biziberritze osoa lortzeko. Bide oparo eta nekaezina egin dugu: ikerketen arabera, jendarteak irabazi dituen hiztun berrietatik heren bat euskaltegietatik atera da. Hala ere, bistan da buru-belarri segitu behar dugula lanean euskaltegiok".

AEK: "Hiztun berrietatik heren bat euskaltegietatik atera da" 

Bultza euskaltegiak! Bultza euskara egitasmoaren baitan, Euskal Herriko administrazio nagusiei gutun bat bidaliko die AEK-k: jasoko ditu hurrengo urteetan nolako baldintzak izan behar dituen mugimendu horrek. Horrekin batera, mota guztietako eragileekin lan-ildo amankomun bat jorratzen ari da. Helburua da talde, elkarte eta bestelakoek akuilu-lana egitea beren eremuetan. "Gobernuek eta herritarrek jokatzen duten rolaz gain, eragileek ere paper garrantzitsua dute".

AEK-k adierazi duenez, Korrika atzeratu behar izanak "zuloa" eragin dio aurrekontuetan. Horri banku bidezko finantzaketaren bitartez erantzun dio erakundeak. "Zorpetze horri ere aurre egin beharko diogu, eta herritarren sostengua nahi dugu: aurten bultzada txiki bat, eta hurrengo ikasturtean izango den Korrikak babes erraldoia jasoko duelakoan gaude, benetan behar dugu eta". Diru-laguntza horiek AEKren web-orriaren bitartez egin daitezke. Horrez gain, Korrikaren katiluak salgai jarri dituzte herriz herriko euskaltegietan, baita Lasarte-Oriakoan ere, bost eurotan. 

Lasarte-Oriako ekitaldia

Hiru ardatzetako bat, esan bezala,  herritarren bultzada izango da. Horretarako, herriz herri ekitaldiak antolatuko ditu AEK-k, baita Lasarte-Orian ere, martxoaren 28an, igandez; pandemiagatik ez balitz, egun horretan amaitzekoa zen 22. Korrika.

Martxoaren 28an, beraz, Okendo plazan, 12:00etan. Horra hor agendan apuntatu beharreko hitzordua. Lasarte-Oriako AEK-k zehaztu duenez, indarrean dauden osasun-neurriak beteko dira, eta mugatua izango da edukiera: ezingo dira ehun pertsona baino gehiago sartu plazan jarriko duten eremura. Ordu erdikoa izango da ekitaldia, 12:30ak arte. Erik Arzallusek gidatuko du; "aurkezpen antzerkitua" egingo duela zehaztu du antolatzaileak. Eguerdian hasiko da ekitaldia, esan bezala, eta Arzallusek aurkeztu ahala jarriko dira martxan parte-hartzaileak. Tomax Arrutik eta Pontxo Moralesek txalaparta-doinuekin hasiko dute ikuskizuna. Lekukoa Earra! bertso-eskolako kideek hartuko dute, eta baita Ione Zabala artistak ere: ekitaldia egin ahala, mural bat margotuko du; AEKri buruzko zenbait elementu hartu, eta irudimena dantzan jarriko du.

AEK-k mezu bat prestatuko du martxoaren 28ko ekitaldiei begira. Lasarte-Orian, Maider Segurola kazetaria arduratuko da hori irakurtzeaz. Bukatu eta berehala, Arzallusek abesten jarriko ditu Okendo plazara joandakoak. Kantua ezagun bat izango da: Euskal Herrian euskaraz. Hori eta gero, udaletxeko balkoian egongo den argazkilariari begiratuko diote ikus-entzuleek, hark talde-argazki dotore bat atera dezan, Zabalak ekitaldian zehar egindako murala alboan dutela. Bi aste eskas falta dira horretarako.

Okendon izango da Lasarte-Oriako ekitaldia, martxoko azken igandean, hilak 28, 12:00etan