Lasarte-Oriako Skateboarding Elkarteak udalak Zabaleta auzoan eraiki asmo zuen skate parkaren inguruan hartutako erabakiaren gaineko desadostasuna agertu du. Elkarte horrek jakinarazi duenez, orain egun batzuk herrian eraikiko duten kirolgune berriaren gaineko bilera bat egin zuten udal ordezkariek, eta skate parke berriaren inguruan hartu duten erabaki "tamalgarri" baten berri eman du. Jakinarazi dute skate parkearen eraikuntza aurrekontuetatik kanpo uzteko erabakia hartu duela udalak.
Skate park berriaren proiektua gelditzearen arrazoien atzean, Zabaleta auzoko zenbait bizilagunek proiektuarekiko erakutsi duten desadostasunarekin lotuta dagoela azpimarratu du elkarteak, "ez dutelako proiektu hau auzoko instalazioetan barne sartu nahi". Elkarteak salatu du proiektuaren inguruan soilik Zabaletako bizilagunei galdetu izana: "Ez dira beraiek soilik izango kirol-instalazio horren erabiltzaileak, Lasarte-Oria osoko herritarrentzat bideratuta dago proiektua".
Azken urteotan skatearen ospea galdu egin duela mahaigaineratu dute, eta hori horrela gertatzearen arrazoia ere azaldu dute: "Udal erakundeen eskutik skatearekin erlazionatutako instalazioarekiko eta kulturarekiko utzikeria".
Azpimarratu dute baita ere skateboarding bezelako kirolak laguntasuna, iraunkortasuna, errespetua eta lana bezalako baloreak indartzen dituela: "Pertsona askok bizimodu bezala eta adierazpen-askatasun moduan ulertzen dute".
Desadostasuna agertu dute, hortaz, udalak hartutako erabakiarekin, eta datozen egunetan kexa-formal bat aurkeztuko dutela iragarri dute. Bide batez, proiektuan parte hartzeko prest dauden pertsonei elkartearekin harremanetan jartzeko deia luzatu dute: "Herritarron laguntza eta sostengua beharrezkoa dugu". Harremanetarako hiru bide jakinarazi dituzte: aslok8 facebook eta instagram orrialdeak eta aslok8@gmail.com helbide elektronikoa.