Ostadar Saskibaloiko lau talde kantxara

Txintxarri Aldizkaria 2021eko martxoaren 11

2019-2020 denboraldiko junior errendimendu taldeko partida.

Ostadar SKTKo saskibaloi ataleko taldeek partidak jokatzeari berrekingo diote martxoan zehar. 2020-2021 denboraldia amaitutzat eman du saskibaloi federazioak eta "taldeek jokatzen jarrai dezaten" lehiaketa berria jarri du martxan asteburu honetatik aurrera

Ostadar Saskibaloi ataleko lau taldek txapelketa berri hasiko dute. Lehen mailako seniorra, hirugarren mailako seniorra eta junior mailako errendimendu, zein partizipazio taldeak izango dira berriro ere kantxara aterako direnak.

Ez da ezer jokoan egongo, baina "errendimenduko taldeetako lehiaketak, Euskal Ligako mailetan gerta daitezkeen hutsuneak betetzeko balioko du. Lehentasuna izango dute," azaldu du Endika Marrahi Ostadar Saskibaloi ataleko arduradunak.

Errendimenduko lehian ez ezik, partidak hamabost egunean behin jokatuko dira eta azken jardunaldia, ekainaren 13an izango da. Errendimenduko taldeek, berriz, jarraian jokatuko dituzte jardunaldiak eta apirilaren 25ean lauko finala izango da.

Lehen partidak

Taldeek pixkanaka hasiko dute lehia. Honela, larunbat honetan, 10:00etatik aurrera Junior mailako partizipazio taldeak Mondragon Unibertsitatea taldearen aurka jokatuko du lehen jardunaldia, Arrasaten.

Junior errendimendu taldeak  aste honetan atsedena du eta martxoaren 19an, goizean Goierri UZ Baleike izango du aurrez aurre, Urretxun.

Egun horretan bertan, oraindik zehazteke dagoen, senior mailako norgehiagoka egongo da Lasarte-Oriako Maialen Chourraut kiroldegian.

Azkenik, hirugarren mailako seniorrak martxoaren 27an emango ditu lehen pausoak lehiaketan Andraitz KEren aurka. Aste honetan atsedena du.

Ostadar Saskibaloi ataleko arduradunak txapelketa berria ongi joatea espero du.

Gainerako taldeek lehiarik ez 

Marrahi pozik dago lehia berrekin ahal izateagatik, baina harrobiak duen etena nabarmentzen du. "Kadete, Infantil, Mini eta Saski Eskolarentzat itxura txarra du. Espero dugu egoerak hobera egin eta horiek ere partidaren bat jokatu ahal izatea".