EAJ-PNV: "2021eko udal-aurrekontuen alde bozkatuko dugu"

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 11a, 10:00
Ezker-eskuin, EAJ-PNVko udal-taldea: Boris Nogales, Jon Antxordoki eta Estitxu Alkorta.

Alderdi jeltzalearen herriko udal-taldeak nabarmendu duenez, "urteetan" eskatu izan dituen proposamen ugari bildu ditu aurrekontuen zirriborroak. Ogasun batzordean horren alde bozkatu zuten, eta iritzi hori bera plazaratuko dute datorren asteko asteazkenean, martxoak 17, izango den ezohiko udalbatzarrean. 

Udal-korporazioko kideek ezohiko bilkura egingo dute martxoaren 17an, asteazkenarekin. Udal Gobernuak 2021eko aurrekontuak jarriko ditu mahai gainean, eta, eztabaidatu ostean, bozkatu egingo dute. EAJ-PNVk aurreratu duenez, babestu egingo du egitasmoa, eta aldeko bozka eman. "Lasarte-Oriako Udalak egonkortasuna behar duelakoan gaude; erakutsi nahi dugu politikak zubiak eraikitzeko balio behar duela, eta ezberdinen arteko indarrak batu behar direla". Prentsaurrekoa eskaini dute Jon Antxordokik, Estitxu Alkortak eta Boris Nogalesek, herriko udal-taldeko hiru kideek. 

Antxordokik aurreratu duenez, 2021eko udal-aurrekontuetan eutsi egingo zaie 2020an zehar COVID-19aren pandemiari aurre egiteko  udal-inbertsioei. "Beharrezkoa balitz, 200.000 euro gehiago bideratuko lirateke horretara", gehitu du. Gizarte-larrialdietarako diru-partidak areagotu egingo dira, eta baita irabazi asmorik gabeko elkarteentzat direnak. "Laguntza horien guztien batura milioi bat eurokoa da".  

Irakurketa "positiboa" 

EAJ-PNVk inbertsioen atalari buruzko irakurketa "positiboa" egin du: "Hirigintza- eta kirol-azpiegitura estrategikoen eremuetan sartu dira gure proposamenak; gure ustez, oso garrantzitsuak dira etorkizuneko Lasarte-Oria eraikitzeko". Inbertsio horietako batzuk izango dira Atsobakarko kirol-gunekoa (4.200.000 euro) eta kiroldegi berrikoa (15.000.000 euro). "2015eko udal-hauteskundeetatik aurrera proposatu izan ditugu". Horrez gain, Oztaran-Arranbide berriz urbanizatzea aztertzeko diru-partida bat sartu dute, 100.000 eurokoa.

Herriko eremuen azterketekin jarraituz, Manuel Lekuona Kultur Etxeko 1. eta 2. solairuetako "espazioak eta baliabideak optimizatzea" helburu duen ikerketa-egitasmoa egiteko konpromisoa erdietsi du alderdi jeltzaleak. "Elkarteentzako aretoak handitzea da asmoa". Ikastetxeetan 2023. urtera arte egin beharreko inbertsioen plangintza bat ere sartuko dute udal-aurrekontuetan. "Milioi bat euro gehiagoko inbertsioa da, gutxi gorabehera". Alderdi jeltzaleak nabarmendu du 2019ko hauteskunde-programan sartu zituen bi esku-hartze: Landaberriko espazio estaliak handitu ahal izateko karpa bat erostea, eta Sasoeta eraikinerako sarbide berriaren proiektua. 

Arestian aipatutako inbertsio horiek "datozen hiru urteetan" egingo direla zehaztu dute jeltzaleek. "Behin baino gehiagotan eskatu ditugu legegintzaldirako programa eta ikastetxeetarako inbertsio-planak sortzea eta, hein handi batean, proposamen horiek 2021eko aurrekontuetan sartu dira".