Buruntzaldea IKTko bost igerilari eta Bidasoa XXI taldeko Ainhoa eta Leire Martin ahizpek Euskal Herriko txapelketan parte hartu zuten, Iruñean; larunbatean emakumeak eta igandean, berriz, gizonezkoak.
Larunbateko jardunaldian eman ziren emaitzarik azpimarragarrienak. Ainhoa Martinek hiru urrezko domina lortu zituen; Leire Martin ahizpak, berriz, bi urrezko eta zilarrezko bat eta azken zilarrezko domina, Buruntzaldea IKTko Nora Imazek jantzi zuen.
Martin ahizpek launa probetan parte hartu zuten: Ainhoa 50 m., 100 m. eta 200 m. bular eta 200 m. lau estilo probetan eta Leire, berriz, 50 m. eta 100 m. bizkar probetan eta 200 m. eta 400 m. lau estiloetan.
Ainhoak 100 m. eta 200 m. bular probetan 1:12.35 eta 2:32.97 denbora egin zituen, hurrenez hurren eta garaipena erdietsi zuen. Lau estiloko proban, berriz, nagusi izan zen 2:18.65 denborarekin.
Bestalde, 50 m. libre proba seigarren postuan amaitu zuen, 27.52 denbora eginez.
Leire Martinek, aldiz, 100 m. bizkar eta 400 m. lau estiloak probetan izan zen garaile, 1:05.87 eta 5:11.61 denborekin. Bi urrezko horiez gain, zilarrezko domina bat ere lortu zuen 200 m. lau estiloan proban. Eta 50 m. bizkar proban ederki aritu arren, 30.23 denbora egin zuen, deskalifikatua izan zen.
Nora Imaz ere podiumean egon zen 800 m. libre proban. 9:53,86 "eder bat egin ostean", bigarren sailkatu izan zen igerilari gaztea distantzia horretan.
Buruntzaldea IKTko prestatzaile Borja Apeztegiak azaldu duenez, "denbora zeraman Norak distantzia ertain eta luzeetan markak hobetu nahirik, ondo entrenatzen ari dela jakinda horretarako gaitasuna baduela badaki-eta. Kosta zaion arren, larunbateko saioan, azkenik bere aurreko marka hobetzea lortu zuen eta horrekin batera Euskal Herriko Txapeldunorde titulua eskuratzea ere bai".
Imazek beste marka bat ere hobetu zuen, 400 m. libre probakoa hain zuzen ere. Marka berria 4:47,97koa da.
Markak ontzen
Dominarik ez, baina Buruntzaldea IKTko gainerako igerilariek ere lan ederra egin zuten eta euren markak hobetu zituzten.
Aintzane Sarobek 50 m. libreko marka pertsonala egin zuen (28,20), baita 100 m. bizkar proban ere; azken honetan marka berria 1:10,60an utzi zuen.
Bi proba horietaz gain, 100 m. eta 200 m. libre probetan ere lehiatu zen Sarobe; 1:00,66 denbora eta 2:16,37 egin zituen, hurrenez hurren. Marka pertsonalak egitea lortu ez bazuen ere, proba horietan ere "oso txukun aritu zen", bere erregistro onenetan.
Hori dela-eta, 50 m., 100 m. eta 200 m. libre probetako taldeko 17 urteko errekor berriak ezarri zituen Sarobek Euskal Herriko txapelketan. "Bai 100 metroetakoa, baita 200 metroetakoa ere absolutu mailako markatik oso gertu utzi ditu Aintzanek," azpimarratu du Buruntzaldea IKTko ordezkariak. "Igerileku luzea pandemiaz geroztik ukitzen duen bigarren aldia dela jakinik ere emaitzak oso positiboak direla uste dugu," gehitu du.
Garazi Etxeberria infantila ere izan zen lehian. "Asko ari da hobetzen aurten, eta horrek absolutu mailako igerilariekin Euskal Herriko Txapelketa batean lehiatzeko aukera eman dio," nabarmendu du Apeztegiak.
Etxeberriak proba bakarren parte hartu zuen, 50 m. librean eta bere marka ondu zuen, 28,82an proba amaituta.
Gazteak estilo bereko 100 metroko probarako gutxienekoa ere bazuen, "baina aforo kontuengatik serie kopurua mugatua eta ez zen proba horretarako sailkatu".
Mutilei dagokionez, igandean, Unai G. Somovilla eta Eneko Elizasu igerilariek parte hartu zuten txapelketan.
Unai G. Somovilla goizeko saioan aritu zen bakarrik, lehendabizi 100 bular proban eta gero 100 tximeletan. Bi probatan astun eta luze egin zitzaion Iruñako igerilekua Unairi eta bi probetan ere, biak 100 metrokoak izanda, bigarren zatia ondo burutzea asko kostatu zitzaion. Hala ere, tximeleta erako 100 metrokoan marka pertsonala egitea ortu zuen, 1:10,63ko erregistroarekin.
Eneko Elizasu goiz eta arratsalde aritu zen lehian. Goizeko saioan 200 librean lehiatu zen eta 2:08,06 eginda marka pertsonala hobetzea lortu zuen, tartean gainera 100 libreko marka berria 1:01,97an utziz. Arratsaldeko saioan Eneko 400 librean aritu zen eta proba horretan ere marka pertsonala ondu zuen eta horretaz gain, egindako 4:32,82a taldeko 17 urteko errekorretan sartzea ere lortu zuen.
Buruntzaldea IKTko prestatzaileak igerilariek egindako lehiaketarekin pozik dagoela nabarmendu du. "Emaitzak gora-behera urte zaila da eta gutxi gorabeherako normaltasun batean baino ez gaudenez, kontestuak baimentzen diguna kontutan izanda, emaitzak onak direla uste dugu".
Kluben Kopa
Lehia ez da amaitu, ordea.Asteburu honetan, martxoaren 13an eta 14an, Buruntzaldea IKTko taldearentzat neguko hitzordurik "garrantzitsuena" jokatuko dute Irunen, Gipuzkoako Kluben Kopa. Horretan taldeko kide guztiek parte hartuko dute, "nork bere onena emateko bestelako eskaerarik gabe" adierazi du Borja Apeztegia prestatzaileak.