Martxoko ohiko udalbatzarra bihar arratsaldean egingo du korporazioak

Txintxarri Aldizkaria 2021eko martxoaren 10a

Lasarte-Oriako udal-korporazioko kideek bihar egingo dute ohiko udalbatzarra, ostegunarekin, martxoak 12, 18:30ean pleno aretoan. Herritarren batek bertara joan eta parte hartu nahi badu, eskaera-orri bat bete eta udaletxeko erregistroan aurkeztu beharko dute, edo, bestela, bete, eta erregistroa@lasarte-oria.eus helbide elektronikora bidali. 

Gai-zerrenda:

  • Mugiren tarifak onartzea, 2021eko apiriletik 2022ko martxora arte.
  • Basaundi bailaran birgaitze eraginkorrerako jardueretako erkidegoentzako finantza-laguntzaren oinarrien aldaketa onartzea.
  • Proposamena: Eudelek Martxoaren 8aren harira egindako adierazpen instituzionalari atxikimendua adieraztea.
  • EH Bildu eta ELOP udal-taldeek aurkeztutako erakunde-adierazpena: Martxoak 8 - Emakumeen Nazioarteko Eguna.
  • Bozeramaileen Batzarrak onartu eta gero, MAEE Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak aurkeztutako adierazpena jorratzea: Minbizia duten pazienteei eta haien senideei elkartasuna adieraziz.
  • Galderak eta erreguak.

Ohi bezala, Lasarte-Oriako Udalak zuzenean eskainiko du udalbatzarra, YouTube kanalaren bidez.