Jon Pello Artetxek lau eta erdiko txapelketako lehen mailako partida jokatu zuen Behar Zana elkarteko Urbietaren aurka.
Herritarrak ez zuen partida erregularra egin, Joxe Felix Solano Intzako arduradunaren hitzetan. "Piloteoan ongi ibili da, baina sakeetako errestoan ez da ongi ibili eta hor joan zaio partida".
Trinketeko lehian, berriz, debuta egin zuen Haritza Diaz de Guereñu pilotariak kadete mailan. Hernaniko Martin izan zuen aurrez aurre eta 8-30 galdu zuen partida.
Pilota biziarekin jolastu zuten eta horrek Hernaniko jokalariaren alde jarri zuen partida. Martin hernaniarrak errebotera bidaltzen zuen sakea eta Diaz de Guereñu herritarrak ez zuen jakin erasoei nola erantzun. Horrek tanto ugari eman zizkion Hernaniko pilotariari.
Hala ere, jokatutako tantoetan, Intzako kadete pilotaria ederki moldatu zela nabarmendu du Solanok. "Buruz buru jokatu zituen tantoak, baina sakeak erabaki du partida".
Finalerdia
Ezker mailako txapelketan, berriz, Intzako bigarren mailako bikotea finalerdietara iritsi da. Errenteriako EPLEko bikotea izango du arerio larunbatean.
Partida irekia espero dute. "Odriozola atzelariak kolpe handia dauka eta Aranburu beteranoa izanik, oso segurua da". Baina Intzako bikoteak lan ondo egiten badu, irabazteko borrokan egongo dela uste du.