Chourrautek, lautik lau Espainiako Kopan

Txintxarri Aldizkaria 2021eko martxoaren 9a

Maialen Chourraut, Segreko kanalean lehian. Arg.: RFEP

Olinpiar Jokoetako dominadun Maialen Chourrautek La Seu d'Urgellen jokatutako Espainiako II. Kopako jardunaldian nagusi izan zen

Hamabost urtez La Seu d'Urgellen entrenatzen egon ostean, ongi ezagutzen du Maialen Chourraut herritarrak Segreko parke olinpikoko kanala eta martxoaren 6an eta 7an, bertan antolatu diren II. Espainiako kopako bi probetan ederki erakutsi du. Bietan nagusi izan da herritarra. Bai sailkapen saioetan, baita finaletan ere denbora onenak egin ditu. Igandean, gainera, kanaleko denbora absolututik gertu ibili zen lasarteoriatarra.

Larunbateko sailkapen saioan, lehenengo postuan sailkatu zen, 89,81 denborari esker. Nahiz eta finalean, hamaseigarren atean akats bat izan eta egindako denborari bi segundo gehitu, 87,80ko marka egin eta urrezko domina jantzi zuen.

Igandeko saioetan azkarrago ibili zen herritarra. Sailkapenean ez zuen akatsik egin, 87,34ko denbora egin zuen. Finalean, ordea, lehen jardunaldiaren antzera, seigarren atean akats txikia egin eta bi segundoko zigorra ezarri zioten.

Jokatutako bi kopetako garaipenak eta La Seu D'Urgelleko denborak kontuan izanik, Tokioko Joko Olinpikoetarako prestaketa bide onean doala berretsi du herritarrak. 

Hala ere, bide horretan hainbat txapelketa gehiago jokatu ahalko ditu Chourrautek. Hala nola, maiatzean, oraindik zehazteke dagoen kokalekuan, Espainiako III. kopa.