MARTXOAK 8

Ehunka emakume mobilizatu dira herriko kaleetan barrena

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 9a, 10:58

Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat eginik, manifestazioa egin du aSUnak neska* gazteen taldeak. Ehunka herritar batu dira mobilizaziora, eta Kukuka antzerki eta dantza eskolak egindako antzezlanaren ostean abiatu dira manifestazioan, Okendo plazatik

Emakumeen Nazioarteko Eguna, martxoaren 8a, aldarrikapen eguna izan da aurten ere Lasarte-Orian. aSUnak neska* gazteen taldeak manifestaziora deitu zuen astelehen iluntzean, eta ehundaka herritarrek egin dute bat taldearen deialdiarekin. Okendo plazatik abiatu, eta herria zeharkatuko dute.

19:00etarako hasi da jendea herriko plazara gerturatzen, eta berehala, borobilean bildu eta Kukuka antzerki eta dantza eskolako kideen emanaldi laburra ikusteko prestatu dira. Antzezleek eman diote hasiera arratsaldeko ekitaldiari. 

Soinean zeramatzaten osagarri moreak nabarmendu dira jantzi beltzen artetik, eta, egunerokoak emakumeek jasaten dituzten zenbait jazarpen eta erasoren adibideak ekarri dituzte plazara. Horrekin batera ikusi ahal izan da gaur egun mugimendu feministen errealitate bat; geroz eta emakume gehiago biltzen dituela. Gora borroka feminista garrasi eginaz amaitu dute antzezlana.

Kukukaren aldarrikapen-emanaldia amaituta, manifestazioa hasi dute. Dena aldatu, sistema arrakalatu lema idatzita zuen pankarta eskuartean hartu eta modu ordenatuan antolatu dira, segurtasun neurriak mantenduz. Horrela, Kale Nagusian barrena, Zumabururantz joan dira eta handik, berriro ere kale nagusitik hartu dute itzulera bidea. Tajamarreko biribilgunetik Hipodromo etorbidea hartu eta Okendora itzuli dira. Aldarrikapen garrasi ugari entzun ahal izan dira ibilbide guztian zehar. 

aSUnak taldearen adierazpena

Mobilizazioa amaitu aurretik, aSUnak neska* gazteen taldeko bi kidek adierazpen bat irakurri dute. Mugimendu feministak azken urteotan izandako potentzialitatea plazaratuz ekin dute irakurketa: "Kontzientziak astintzeko gai izan gara, espazioak hartu ditugu eta eragiteko ahalmena izan dugu eta kapitalaren aurrean bizitzak erdigunean jartzeko aldarria mahaigaineratu dugu".

Elkar zaintzaren eta komunitatearen garrantzia ere azpimarratu dute: "Gure arteko elkartasun sareak ehuntzeak inoiz baino garrantzia handiagoa hartzen du".

Euskal Herri feminista, antikapitalista eta antiarrazista eraikitzera doazela iragarriz amaitu dute adierazpena.

Bideo honetan ikus dezakezue aSUnak neska* gazteen taldearen adierazpen osoa.