MARTXOAK 8

Mugimendu feministaren oinarriak gainbegiratzen

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 7a, 15:53

Martxoaren 8rako motorrak berotzen hasi eta euren antolaketarekin jarraitzeko, aSUnak talde feministak tailerra egin du gaur goizean Mercero Gunean. 

Duela hilabete batzuk martxan jarri zuten herriko zenbait emakumek* aSUnak taldea. Pandemiaren mugek hainbat oztopo jarri badizkiete ere, sarea ehuntzen jarraitzen dute.

Igande goizean Mercero gunean elkartu dira feminismoaren subjektu politikoaren inguruko hausnarketa egiteko asmoz. Hamabost parte hartzailek izena eman bazuten ere, azkenean, zortzi besterik ez dira batu. Hasteko, lehen ariketa gisa, biribilean eserita, bakoitzak bere burua aurkeztu du, izenarekin batera definitzen duen zerbait azalduta, esaterako, "urduria naiz eta lasaia", "lo egitea gustatzen zait"... Horri gehitu diote gaurko topaketa honetara ekarri duten aldartea. Azken hori paper batean islatu du bakoitzak marrazki edo hitzen bidez, eta horman zintzilikatutako hiru kartulinetako batean itsasten joan dira, banan bana. 

Elkar aurkeztu ondoren Euskal Herriko Mugimendu Feministaren genealogia ezagutzeko urratsak egin dituzte. Lehenik, mugimenduari buruzko bideo bat ikusi dute, oharrak hartuz, gerora gogoeta egiteko; ondoren, neska* gazteetan jarri dute arreta, zehazki, hauek lantzen dituzten arazoetan eta egiten duten ekintzetan.