COVID-19

Erkidego barruan mugikortasun mugarik ez da izango asteartetik aurrera

Txintxarri Aldizkaria 2021eko martxoaren 5a

Asteartetik aurrera mugikortasun mugarik ez da izango, itxiera perimetrala bertan behera geldituko baita.

Gaurko bileran, LABIren Aholku Batzordeak, Iñigo Urkullu Lehendakari buru izan dela, indarrean dauden neurriak luzatzea erabaki du, Euskal Autonomia Erkidegoa egoera epidemiologiko "egonkorragoan eta ziurtasun handiagokoan" egon arte. Agintariaren esanetan, egoerak nabarmen hobera egin badu ere, iragarpena zalantzazkoa denez, "oraindik ez da deseskaladarako unea; orain kontu handiz ibiltzeko unea da"; izan ere, “une kritikoan gaude, eta datozen asteotako bilakaera erabakigarria izango da”. Hortaz, neurriak luzatzea "zuhurrena" dela erabaki dute. Hala ere, zenbait muga malgutu dituzte. 

  • Erkidego barruan mugikortasuna ahalbidetuko da, inolako mugarik gabe. 
  • Ezabatu egingo dute 500etik gorako intzidentzia tasa metatuaren erreferentzia udalerriko murrizketak zehazteko. 
  • Lan eskaintza publikoen eta aisia jardueren garapenerako bide emango duen ebazpena. 

Dekretua astelehenean argitaratuko dute, martxoaren 8an, eta asteartean sartuko da indarrean, 00:00etan. Edonola, egungo zenbait muga bere horretan mantenduko dituzte. Hala nola: 

  • Gehienez, lau laguneko taldeak.
  • Gaueko mugikortasuna mugatzea, 22:00etatik 06:00etara. 
  • Merkataritza eta kultur jarduerak beranduenera 21:00etan amaitzea
  • % 40ko edukiera 150 m2-tik gorako merkataritza establezimenduetan eta % 60koa 150 m2-ra arteko azalera dutenetan. 
  • Kultur eta gizarte ekitaldi guztietan edukiera mugak mantentzen dira.
  • Kultur guneetan gehienezko edukiera %35era mugatuta dago. 
  • Musika eta ahots entsegu nahiz emanaldiak bertan behera uztea. 

Pandemia urtearen balantzea

Urtebete osatzear da pandemia hasi zenetik eta Urkullu lehendakariak horren inguruko balantzea egin du gaurko agerraldian. Onartu du zenbait zailtasun egoera eta aurreikus ezin zitezkeen egoera batzuetarako "ez geundela prest. Saio eta hutsegite bidezko metodoan oinarrituta jardun dugu”.

Urtebete honetan, "gertakari oso larriak eta aurreikustezinak" izan dituzte aurrez aurre eta zientzia, osasun, erakunde eta gizarte eremuetako mota guztietako eragileen artean "irtenbide bat aurkitu dugu haientzat".

Etengabeko arazoen egoeraren aurrean, “Osasun Sailak eta Osakidetzak egokitzeko gaitasun handia eta beren baliabideekin erantzuteko gaitasuna erakutsi dute”.