Geroz eta jakin-min handiagoa dute herritarrek itsaspeko errealitatea ezagutzeko

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 6a, 12:00

Amaitu da aurtengo itsaspeko zinema zikloa. Ikus-entzunezkoak, argazki erakusketa eta ikastetxeetako 'Txikizikloak' osatu dute aurtengo egitaraua, eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, geroz eta interes handiagoa pizten du zikloak herritarrengan

Amaitu da 2021eko CIMASUB itsaspeko zinema zikloa. XIII. edizioa izan da aurtengoa, eta hiru egunez ibili dira lasarteoriatarrak Manuel Lekuonako auditorioan, joan-etorrika, ikus-entzunezkoekin gozatuz.

Hamahirugarrenez, itsaspeko "edertasunaz eta misterioaz" gozatzeko aukera izan dute bertaratu diren ikus-entzule guztiek. Horrela azaldu du David  Sanchezek, itsaspeko zinema zikloko arduradunak. Gaineratu du, edertasunaz gain, itsasoak hondoan ezkutatzen duen errealitate "triste" baten berri ere izan dutela zikloan parte hartu dutenek; kutsadurak eragindako errealitatearena hain zuzen ere: "Kutsaduraren ondorioz itsasoko belar zein animalia espezieak nozitzen ari diren ondorioak begibistakoak dira; eurekiko errespetua ezinbestekoa da gure itsasoen biziraupenerako, eta, noski, gurerako ere bai".

Eskertza  
Real Sociedadeko Itsaspeko sailak, Danok Kide elkartearekin eta Lasarte-Oriako Udalarekin batera, eskerrak eman dizkiote aurtengo itsaspeko zinema ziklora gerturatu direnei: "Bizi dugun pandemia egoeran gerturatu den jende kopurua ikusita, argi geratu da ekimenak geroz eta interes handiagoa pizten duela jendearengan". 
Ikus-entzuleengandik jaso dituzten "iritzi positiboek" lanarekin aurrera jarraitzeko indarra ematen diela ere nabarmendu du Sanchezek.

Harrera ona
Zinema zikloko hiru proiekzioetan    300 pertsonek parte hartu dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Guztira 27 laburmetraia eta bi dokumental eman dituzte hiru egun horietan zehar. Horrekin batera, Sasoeta ikastetxeetako ikasleek ere parte hartu dute aurtengo Txikizikloan. Lau laburmetraia ikusi dituzte eta aldaketa klimatikoaren inguruko hitzaldi batean ere parte hartu dute. Landaberriko ikasleek egun hauetan gozatu ahal izango dute Txikizikloaz, ikastetxean bertan.

Argazki-erakusketak ere bisitari ugari jaso ditu. Guztira aurkeztutako 345 argazkietatik 25 onenak egon dira ikusgai.