Mendekotasunaren sektorean lanean ari diren pertsonen babesleku

Txintxarri Aldizkaria 2021eko martxoaren 5a

Otsailaren 25ean aurkeztu zuten, Hernanin, Maitelan kooperatiba. Argazkia: Hernaniko Udala Enplegu Soziala

Zaintzaren eta mendekotasunaren sektorean lan egiten duten eta bazterketa egoeran dauden pertsonak gizarteratzeko helburuarekin sortu dute Maitelan kooperatiba

Otsailaren 25ean aurkeztu zuten, Hernanin, Maitelan kooperatiba. Beterri-Buruntzako udalek (Lasarte-Oria, Usurbil, Hernani, Astigarra, Andoain eta Urnieta) eta AHMER-SOS Racismo elkartearen elkarlanetik sortu den irabazi asmorik gabeko kooperatiba integrala da.

Zaintzaren eta mendekotasunaren sektorean errealitatea ezagutzeko hainbat diagnostiko eta ikerketa egin eta gero, eskualdean sektore horretan lan egiten duten eta bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonak gizarteratu eta laneratuko dituen egitura egonkor bat, inklusio tresna bat, behar dela ondorioztatu zuten, eta 2017an Enplegu Sozialeko plan estrategikoaren baitan zaintza eta mendekotasunaren sektorean lan egiten zuten pertsonekin kooperatiba sortzeko prozesuari ekin zioten.

2019an, berriz, AMHER-SOS Racismoren inguruan biltzen ziren emakume etorkinen taldearekin kooperatiba bat martxan jartzeko prozesuari ekin zioten, eta, bide horretan, sortu dute Maitelan kooperatiba. Beterri-Buruntzako udaletatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzazioak erraztu du proiektu hori martxan jartzea.

Maitelan kooperatibaren helburua da pertsonei arreta eta zaintza nahiz garbiketa zerbitzuak eskaintzea, beti ere, kooperatibako langile eta erabiltzaileak protagonista izanik, euren beharrak erdigunean jarriz.

 2020. urtea zaila izan da kooperatibaren bideragarritasunarentzat, baina aurkezpen ofiziala egin dute bidelagunei eskerrak eman eta proiektua ezagutzera emateko.