Pilota Egokituko txapelketako lehen jardunaldia bihar jokatuko da

Txintxarri Aldizkaria 2021eko martxoaren 5a

Arg.: GKEF

XI. Gipuzkoako Euskal Pilota Egokituko txapelketa martxoaren 6an hasiko da. Ostadar Inklusioa taldeko Ander Altunak gurpildun aulkiko gomazko paleta egokituko lehian parte hartuko du buruz buruko txapelketan, zein bikotekako txapelketan eta Mindara elkartean dagoen Lander Ortega herritarra, berriz, adimen urritasuna duten pertsonen mailan lehiatuko da, zehazki, multzo gorrian

Adimen urritasuna duten pertsonen mailako lehia izango da gehien iraungo duena: sei jardunaldi izango ditu. Bihar, martxoaren 6an jokatuko da lehena, eta ekainaren 26an amaituko dute lehia. Ortegaren multzoak, ordea, lau jardunaldi jokatuko ditu: martxoaren 13an eta 20an, maiatzaren 15ean eta ekainaren 26an. Azken jardunaldi horretan sari-banaketa izango da.

Gurpildun aulkiko buruz buruko txapelketa ere bihar hasiko da Usurbilen eta lau jardunaldi izango ditu. Horietako bat Lasarte-Orian jokatuko da. Bikotekako txapelketa, berriz, martxan jarriko den azkena izango da. Ekainaren 5ean eta 12an jokatuko dituzte jardunaldiak eta ekainaren 26an, Zumaian, final handien jardunaldia izango da.