Erribera kaleko berrurbanizazio aurreproiektua aurkeztu die udalak bizilagunei

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 5a, 11:30

Erribera Kalea berrurbanizatzea da Lasarte-Oriako Udalak eskuartean duen egitasmoetako bat. Gunea bisitatutakoetan ikusitakoekin eta jasotako iradokizunekin, aurreproiektu bat egin, eta han bizi diren bizilagunei erakutsi diete Agustin Valdivia alkateak eta Ibon Rosales udal-teknikariak. Herritarrek ekarpenak egin ahalko dituzte martxoaren 16ra arte, asteartearekin.

Manuel Lekuona kultur etxean elkartu ziren udal ordezkariak eta Erriberan bizi diren bizilagunak martxoaren 2an, asteartearekin. Azalpenen ostean, 3Dn egindako bideo bat erakutsi zieten Valdiviak eta Rosalesek herritarrei. Horretan ikusi zuten, besteak beste, bidegorri batek zeharkatuko duela kale hori, eta Askatasunaren zein Zumaburuko parkeetakoekin bat egingo duela. 

Ekarpenak egiteko aukera

Aurkezpen horretan zalantza eta ekarpenak plazaratu zituzten auzokideek. Horrez gain, aukera dute ideiak eta bestelakoak plazaratzeko, martxoaren 16ra arte, asteartez, egun hori barne. Horretarako, dokumentu bat bete eta Udal Erregistroan entregatu beharko dute. Tramite hori presentzialki egin nahi izanez gero, aurrez hitzordua hartu beharko dute 943 37 60 55 telefonoan.

[DOKUMENTUA] Erribera kalea berrurbanizatzeko aurreproiektuari buruzko planoak eta galdetegia