Partida hasi baino lehen, San Ignacio eta Añorga, Bizkerrerekin batera nazional mailako 2 B multzoko bigarren postuarengatik zeuden jokoan. Partida gogorra aurreikusten zen, beraz, igandean San Ignacio zelaian.
Añorgaren hamaikakoan Izaskun San Anizeto eta Ainara Del Olmo herritarrak atera ziren zelaira eta San Anizetok paper garrantzitsua izan zuen Añorgaren garaipenean.
Lehen minutuetan bi taldeak markagailua inauguratuko zuen golaren bila atera ziren eta Añorga izan zen lehena gola egiten. 11. minutuan San Ignacioren area ertzean falta adierazi zuten epaileak eta eta Vanessa Cartonek atezaina goitik gainditu zuen.
Lau minutura, Añorgak tartea handitu zuen Izaskun San Anizeto herritarraren golari esker. San Anizetok bakarkako jokaldia ederki amaitu zuen ezker hankarekin baloia eskuaira bidaliz.
Bi eta hutsekoak ez zuen partidaren erritmoa moteldu. Bi taldeek behar zituzten puntuak bigarren postuan sailkatzeko eta eraso saiakera ugari egon ziren.
22. minutuan, ordea, San Ignaciok tartea murriztu zuen. Nadia Fernandezek area barneko falta bota eta Añorgaren atera sartu zen baloia.
Añorgak garaipena zuen buruan eta ez zuen gol batengatik etsiko. Behin eta berriro saiatu zen arerioaren atera iristen. Era horretara, 33. minutuan etorri zen fruitua. Malen Urangak korner bateko alderatzea jaso eta zurtoin albotik sartu zuen gola.
Atsedenaldira arte borrokan egon ziren bi taldeak. Baina epaileak lehen zatiaren amaiera seinalatzean markagailua 1 eta 3koa zen.
Bigarren zatian, berdin jarraitu zuen partidak. Bi taldeek aukerak izan zituzten, baina Añorga izan zen arerioaren atean arrisku gehien sortu zuen taldea.
Eta 75. minutuan etorri zen Añorgaren laugarren gola. Izaskun San Anizeto herritarrak eguneko bere bigarren gola egin zuen. Arean erdiraketa bat jaso eta baloia atera jaurti zuen San Ignacioko atezaina gaindituz.
Partida amaieran, beraz, Añorga 1-4 gailendu zen jokalarien lanari esker.
Gainera, hiru puntuei esker, 25 punturekin multzoko bigarren postuan da eta hurrengo faserako txartela eskuratu du.
Hori hasi baino lehen, bi partida falta dira lehen liga amaitzeko. Igande honetan, Aurrera de Vitoriaren aurka jokatuko dute Añorgako Rezola zelaian eta martxoaren 21ean, berriz, Tolosa CF izango du arerio.
Goiko postuetan mantendu
Iberdrola Ligan, berriz, Iraia Iparragirre herritarra kide duen Real Sociedad taldeak 3-1 garaitu zuen Real Madrid.
Nahiz eta partida galtzen hasi, Franssiren eta Nerea Eizagirreren golek eman zioten garaipena talde txuri-urdinari.
Azken bi jardunaldietan, puntu bakarra eskuratu ostean, goiko postuetan mantentzeko beharrezko puntuak lortu zituen Realak. Egun, 34 punturekin sailkapeneko zazpigarren postuan da eta hirugarren postua lau puntura du. Igandean, puntuak lortzeko aukera berria izango dute. Realak Deportivo Abancaren aurka jokatuko du, 11:00etan, Zubietan.