Ostadar Boleibol taldeak Gipuzkoako txapelketa jokatuko du larunbatetik aurrera

Txintxarri Aldizkaria 2021eko martxoaren 4a

Ostadar Boleibol taldea Arantzazuko Ama taldearen aurka; 2019-2020 denboraldiko partida.

Ostadar SKTko boleibol taldeak denboraldiari berrekingo dio. Ia urte bete egon da boleibol taldea lehiaren bizia probatu gabe eta larunbatean, Fortuna A taldearen aurka jokatuko du Gipuzkoako txapelketako lehen jardunaldia

2020ko martxoan Gipuzkoako txapelketa bertan behera geratu ostean, 2020-2021 denboraldi berria ilusioz prestatzen hasi zen taldea. Urrian irekiera txapelketa hasi behar zuen pandemiaren egoerak ordea, ez zuen jardunaldi bat ere jokatzea ahalbidetu. 

Geroztik, osasun egoerak baimendu dien neurrian, boleibol ataleko jokalariak entrenatzen aritu dira eta taldeko kideek jakitera eman dutenez, bi etenaldi izan dituzte, azaroan eta urtarrilean. 

Larunbatean, martxoaren 6a, Gipuzkoako txapelketako lehen jardunaldian berriro aterako dira kantxara hilabete hauetan guztietan ikasitakoa praktikan jartzeko. Taldeko kideek jakitera eman dutenez, "orain inoiz baino gogo gehiagorekin gatoz. Jokalariak esperientzia hartu dugu, jokalari berriak taldera batu dira…"

Gipuzkoako txapelketa

Asier Acuriola prestatzailearen taldeak zortzi talde izango ditu aurrez aurre bihar hasiko duen Gipuzkoako txapelketan. Senior eta junior mailako taldeek multzo bakarra osatuko dute. Ondorioz, Fortuna A, Fortuna B, Goierri Senior, Goierri Junior, Lizardi, Aldapeta Maria, Kostkas eta Hernani izango dira Ostadar SKTren arerioak. 

Aurreko denboralditik ezagunak dituen taldeak dira gehienak. Ez da ahaztu behar Ostadar SKTren taldea 2018-2019 denboraldian sortu zela. Orduan, bosgarren amaitu zuen Gipuzkoako txapelketako lehen fasea eta iaz txapelketa eten zenean ere postu bera zuen. 

Gipuzkoako txapelketa itzuli bakarrekoa izango da. Bederatzi jardunaldi izango ditu eta guztia ondo bidean, bihar, martxoaren 6an hasi eta maiatzaren 22an amaituko da.

Indarrak neurtzeko garaia iritsi zaie berriro ere guztiei eta larunbatean Asier Acuriolak gidatzen duen taldeak Fortuna A izango du aurrez aurre. Partida Donostiako Pio Baroja kiroldegian jokatuko da.