Lesboseko errefuxiatuen kanpamentuaren berri, argazki erakusketa baten bidez

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 3a, 17:25

Greziako Lesbos uhartean bizi diren errefuxiatuen egunerokoa ekarri dute Miren Bardaji lasarteoriatarrak eta Yousef Alshewailik errefuxiatu irakiarrak Mercero aretora. Hilaren 14ra arte dago bisitatzeko aukera; astebarruan arratsaldez eta asteburuetan, arratsaldez

Bizipoza Lasarte-Oriatik Lesbosera ekimenak ekitaldi hunkigarri bezain goxoa egin zuen abenduaren 10ean, Manuel Lekuona kultur etxean. Miren Bardaji herritarra Greziako Lesbos irlako errefuxiatuekin egiten ari den lana gizarteratzeko asmoz antolatu zuten egitasmoa, eta, horrekin batera, Bizipozaren barruan dauden elkarte ezberdinen aurkezpena ere egin zuten.

Iragarri zuten orduan, martxoan argazki erakusketa bat ere egingo zutela, eta hala egin dute. Astelehenez geroztik Lesboseko kanpamentuan errefuxiatuek bizi duten errealitea gizarteratzeko eta salatzeko asmoz (hilaren 14ra arte egongo da ikustera joateko aukera). Argazkien bidez, ez ezik, lehen pertsonan jaso ahal izan dute Lesboseko egoeraren berri erakusketara gerturatu diren herritarrek. Izan ere, Greziako uhartean errefuxiatuekin lanean ari den Miren Bardaji herritarra bertan izan da astearte arratsaldean.

Urte eta erdi darama herritarrak Lesbosen, eta senide eta lagunak bisitatzera etorri da. Bisitatzera, bai, hilabetea bukatzerako berriro ere Lesbosera bueltatzeko asmoa baitu. 
Bere ahotik jakin dute zein den Lesboseko errefuxiatuen kanpamentuan bizi diren pertsonen egoera latza. Erakusketa osatzen dute irudietan ikus daitekeena gertutasunez jaso dute ikusleek, eta eskertu dute aurrez aurreko testigantza hori.

Oso esker oneko agertu da Lasarte-Oriarekin Bardaji, abenduaren 10eko ekitaldia antolatu eta bertan parte hartu zutenekin, eta, baita ere diru bidalketan ekarpenak egin dituztenekin ere. 

Astegunetan 18:00etatik 20:00etarako ordutegian bisitatu daiteke erakusketa, eta, asteburuetan, berriz, 11:00etatik 13:00etara. 

Sara Etxeberriaren margolana ere ikusgai

Abenduaren 10eko ekitaldian, Sara Etxeberria artista lasarteoriatarrak margolan bat egin zuen, zuzenean. Orain, artelana amaituta, argazki-erakusketarekin batera ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Pertsonen arteko elkar zaintza, babesa, laguntza ekarri du Etxeberriak, margolanera, uste baitu, Lesboseko errefuxiatuek bizi duten egoeratan ezinbesteko dutela elkarren arteko zaintza eta babesa.