Lasarte-Oriako atletsimo taldeak zazpi atletako ordezkaritza izan zuen Donostiako belodromoan jokatu zen Euskadiko txapelketan. "Emaitzengatik pozik gaude, baita txapelketan zazpi atleta egon ahal izateagatik ere. Egoera dela eta, Euskadiko Federaziok baldintzak eta murrizteak ezarri ditu eta aurten zailago zegoen sailkapena lortzea," nabarmendu du Oscar Goikoetxea prestatzaileak.
Jauzi probetan ederki dabiltza Ostadar Atletismoko kidek. Naroa Furundarenaz gain, jauzi hirukoitza eta luzera-jauzian Espainiako onenen artean dabil, luzera-jauzian eta altuera-jauzian ere bada etorkizuna, Enara Gonzalez, Amane Mesa eta Nora Capistegui.
16 urte azpiko altuera-jauzian lehen postua eskuratzeko lehia interesgarria ikusi ahal izan zen 1,40 metroko langan. Ostadar Atletismoko Amane Mesak eta Nora Capisteguik, Real Sociedadeko Ane Arrospide eta Ateltico San Sebastian taldeko Uxue Uriain izan zituzten arerio. Baina 1,40 metrotako langa ezin izan zuten gainditu eta lehen lauek 1,35 metroko marka egin zuten.
Mesak "bere egunik onena ez izan" arren, 16 urte azpiko urrezko domina eskuratu zuen. Jauzietan ez zuen akatsik egin eta lehenengoan igaro zituen 1,30 m. eta 1,35 m.tako langak. Horri esker, garaipena lortu zuen.
Capisteguik berriz, 1,30 metroko langa bigarrenean igaro zuen eta 1,35 metrotakoarekin arazoak izan zituen. Azken saiakeran lortu zuen igarotzea. Horrek laugarren postura eraman zuen.
20 urte azpiko luzera-jauzian izan zen beste berri pozgarria. Enara Gonzalez lehen saiakeratik jarri zen probako lehen postuan, 5,37 metroko jauziarekin. Eta hirugarrenean 5,39 metroetara iritsi zen. Horri esker, urrezko dominaz gain, bere denboraldiko markarik onena ere egin zuen gazteak.
Brontzezko dominak
Iraupen-erdiko lasterketa batean, zein abiadura batean etorri ziren beste bi dominak.
800 metrotako 20 urte azpiko proban Leire Centeno hirugarren izan zen, 2:48,16 markarekin.
Eta 60 metroko lasterketan, Alex Alkain hasiberriak 16 urte azpiko brontzezko domina jantzi zuen finalean bere onena eman eta marka pertsonala onduz, 7,73.
Abiadura probetan ere Ostadar Atletismo beste bi kide izan ziren: Unax Riezu eta Maider Abete. Biek 60 m. lasterketako finalean egoteaz gain, bosgarren postuan amaitu eta marka pertsonal berria egin zuten. Riezuk 16 urte azpiko proban, 7,81 denbora egin zuen eta Abete 20 urte azpikoan, 8,38koa.
Bestalde, 20 urte azpiko iraupen-erdiko 1.500 metroetan ere herriko atletak izan ziren lehian. Zumeatarra taldeko Unai G. Somovillak eta Aimar Sukunzak parte hartu zuten proban. Sukunzak ezin izan zuen proba amaitu; Unai G. Somovillak, berriz, seigarren postuan amaitu zuen 4:46,60 denbora eginez.
Eskolarteko maila martxan
Emaitzez gain, Ostadar Atletismo saileko kideak pozik daude eskolarteko mailako kirolariek berriro ere martxan daudelako. Lasarte-Oria gune gorrian izan den bitartean taldeko prestatzaileek ezin izan dute lan egin gaztetxoekin. Orain, maila guztietako atletak Michelin kirol guneko pistan ari dira lanean.