Intzako seniorrek, ezin Ezker Hormako Liga garaipenarekin bukatu

Txintxarri Aldizkaria 2021eko martxoaren 3a

Mikel Elola eta Jon Pello Artetxe, Intzako senior bikotea.

Intzako bigarren senior mailako bikoteak ezin izan du Ezker Hormako txapelketako Liga partidarik galdu gabe amaitu. Andoaingo Gazteleku taldeko bikotea 22-9 gailendu zen larunbatean jokatutako partidan.

Jon Pello Artetxe eta Mikel Elolak osatutako bikoteak partida gogorra jokatu zuen Etxezarreta eta Arrateren aurka.

Lehen tantoetan aurretik egotea lortu zuen Intzako bikoteak, baina 9 eta 8tik aurrera partida zaildu zen. "Tanto oso gogorrak jokatu genituen 14-9koa arte," aipatu du Jon Pello Artetxe aurrelariak. 

Ostean, berriz, arerioa 22ra erraz iritsi zela ere onartu du. "Etxezarreta aurrelariak indarrez kantxatik atera gintuen. Sakez, boleaz eta gantxoz egin zigun mina. Eta atzelariak,

Arratek, fin-fin pelota bat ere galdu gabe, defentsan lan handia egin zuen. Gainera, amaieran erraz ibilizen jokoan," azaldu digu.

Igoera helburu

Nahiz eta azken partida hau galdu, Intzako bikoteak ez zuen ezer jokoan. Hiru hilabeteetako etena baino lehen, final-erdietarako sailkatua zegoen.

Orain, arerioaren zain dago. Asteburu honetako emaitzen arabera, finalerako txartela noren aurka jokatuko duten jakingo dute. Izan ere, beste multzoan COVID-19ak atzeratutako partidak baitaude jokatzeko. Bikotearen helburua finalera iritsi eta lehen mailako igoera lortzea da.