ESKUALDEA

Usurbilgo Lanbide Eskolak ate irekien jardunaldia egingo du martxoaren 10ean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 2a, 09:00

DBH edo Batxilergoa ikasten ari diren gazteei zer eskaintzen duen erakuste aldera, Usurbilgo Lanbide Eskolak ate irekien jardunaldia antolatu du martxoaren 10ean, asteazkenarekin, arratsaldez. "Egoerak ahalbidetzen badu, aurrez aurrekoak izango dira jardunaldiak", zehaztu du. Izena emateko, www.lhusurbil.eus web-orriko formulario bat bete behar da.

Usurbilgo Lanbide Eskolak jakitera eman duenez, jardunaldietara joateko asmoa duten ikasleekin talde txikiak osatuko dituzte.

Ate irekietara joaten diren gazteek jakingo dute, besteak beste, Erdi eta Goi Mailako zikloetako ikasketak egin daitezkeela Usurbilgo Lanbide Eskolan. Erdi Mailari dagokionez, hauek dira zikloak: Administrazio Kudeaketa, Instalazio Elektriko eta Automatikoak, Hozteko edo Beroa Sortzeko Instalazioak eta Mekanizazioa. Goi Mailan are aukera gehiago dituzte: Administrazioa eta Finantzak, Automatizazio eta Robotika Industriala, Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa, Fluido Instalakuntzen eta Instalakuntza Termikoen Mantenua, Energia Eraginkortasuna eta Eguzki Energia Termikoa, eta Energia Berriztagarriak.

Praktikak enpresetan

"Ikasleak enpresen mundura hurbiltzea" da Usurbilgo Lanbide Eskolaren lehentasunetako bat. Hori dela eta, praktikak egiteko aukera bat baino gehiago eskaintzen die ikasleei. Alde batetik, "betiko praktika aldia" egin dezakete gazteek, bigarren ikasturtean: hiru hilabeteko egonaldi bat enpresa batean. Bestetik, programa duala egin dezakete, eta ikasketak eta lana uztartu, ikasturte oso batean zehar, kontratu eta guzti.

Iragan ikasturtean Enpresan Prestakuntza egitasmoa jarri zuen martxan ULEk. Ikasleei aukera ematen diete zikloa hasi eta berehala enpresaren batean praktikak egiten hasteko, arratsaldeetan, astean sei orduz. 

Erasmusa, airean

COVID-19ak eragindako egoera tarteko, ULEk ezin izan du atzerriko egonaldirik antolatu aurtengo kurtsoan. Dena den, eskolak azpimarratu du lanean jarraitzen duela, atzerriko zentro eta enpresekin harremanak sendotzen, eta elkarlanean, ikasleek beste herrialderen batean egin ditzaten praktikak 2021-2022 ikasturtean, orduko egoerak hori ahalbidetzen badu behintzat.