Askotariko ekitaldiak martxoko kultur agendan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 1a, 17:28
Ganso and cia antzerki taldeak Alpha antzerkia oholtzaratuko du. Argazkia: Ganso and cia

Argazki erakusketa, haur eta helduentzako film eta antzerkiak, opera eta hainbat jardunaldik osatu dute martxoko kultur agenda

Kultur ekitaldi bat baino gehiago izango dugu hasi berri dugun hilabeteak. Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi du martxoko kultur agenda, eta askotariko ekintzez gozatzeko aukera izango dute lasarteoriatarrek. 

Argazki erakusketa batekin zabaldu dute agenda. Astelehenean zabaldu zituen ateak eta hilaren 14ra arte izango da bisitatzeko aukera. Lesbos irlan errefuxiatuek bizi duten egunerokoaren berri jakiteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Hain zuzen ere, Greziako uhartean errefuxiatuekin lanean ari den Miren Bardaji herritarrak eta bere lagun Yousef Alshewailiren artean antolatu dute, Lesboseko errefuxiatu kanpamentuetako egoera gizarteratu, ikusarazi eta salatzeko helburuarekin. Mercero gunean izango da eta honako ordutegian bisitatu ahalko dute herritarrek: astegunetan, 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan, berriz, 11:00etatik 13:00etara.

Martxoaren 3an eta 4an, Bizikidetza jardunaldietan parte hartzeko aukera izango dute lasarteoriatarrek. Asteazkenean (martxoak 3) Zubiak-Puentes dokumentala eskainiko dute, Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioan. Ostegunean, aldiz,  Indarkeria polizialaren biktimen aitortza eta erreparazioa mahai-ingurua antolatu dute. Bi jardunaldiak arratsaldeko 18:30ean izango dira, eta doakoak izango dira. Hori bai, dokumentala ikustera joateko gonbidapenak eskuratzea ezinbestekoa izango da. Horiek kultur etxeko leihatilan jaso daitezke, gehienez pertsonako bi. 

Martxoaren 6an helduentzako antzerki saioa izango da. Behibi's antzerki konpainiak Trabajos de interior antzezlana taularatuko du, Manuel Lekuonan. 19:00etan izango da eta 3 euroren truke erosi daitezke sarrerak. 

Hurrengo egunean, berriz, martxoaren 7an haurrentzako zinema saioa izango da. Etxeko txikiek El pequeño vampiro filma ikusteko aukera izango dute, arratsaldeko 17:00etan. Kultur etxeko auditoriumean izango da emanaldia, 3.80 euroren truke. 

Martxoaren 9an,  Sorgina Txirulina ipuin kontalariaren eskutik Emakumeak kontu kontari... eta kantari!, 3 eta 8 urte arteko haurrentzako saioa izango da. Kultur etxeko kafetegia egingo dutela iragarri dute, 18:00etan. Gehienez, 12 haurrek parte hartu ahal izango dute, eta bertaratzeko gonbidapenak kultur etxeko leihatilak eskuratu daitezke. 

Operak ere ez du hutsik egingo hilabete honetan. Martxoaren 10ean Rigoletto operaren proiekzio digitalaz gozatu ahalko dute herritarrek. 18:00etan izango da emanaldia, kultur etxeko auditorioan eta sarrerak salgai daude 7,5 eta 9 euro artean. 

Okendo Zinema Taldearen eskutik ere hiru ikus-entzunezko ikusteko aukera izango dute herritarrek. Martxoaren 12an emango dute lehena: The father. 19:00etan izango da emanaldia kultur etxeko auditorioan. Bigarrena, berriz, martxoaren 26an emango dute. Egun horretan, Euskal dokumentalak zikloaren barruan Non dago Mikel  dokumentala ikusteko aukera izango da, 19:00etan. Hirugarren emanaldia ere Euskal dokumentalak zikloaren barruan kokatuta, Caminho longue ikusteko aukera eskainiko dute, 19:00etan hori ere. Okendo Zinema Taldearen emanaldietara joan ahal izateko sarrerak ere eskuragarri daude kultur etxeko leihatilan, 5,50 euroren truke. 

Familia antzerkia eta heldu eta haurrentzako zinema

Martxoarean 13an familia antzerkira joateko aukera izango dute herriko familiek. Ganso and cia antzerki taldeak Alpha antzerkia oholtzaratuko du. 17:00etan izango da emanaldia, 3,80 euroren truke. 

Martxoaren 14an, berriz, helduentzako zinema saioan El padre filma emango dute. 19:00etan izango da emankizun hori eta sarrerak 5,50 euro balio dute. 

Martxoaren 20an ere helduentzako zinema saioa izango da. Kasu horretan, Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans XVIII. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiko film laburren proiekzioa izango da. 19:00etan izango da emanaldia eta sarrera doakoa den arren, gonbidapenak eskuratzea ezinbestekoa da. 

Martxoaren 21ean, haurrentzako zinema saio bat izango da. Kraston ikastetxea: munstroen eskola ikus-entzunezkoaz gozatu ahal izango dute txikienek. 17:00etan izango da emanaldia eta sarrerak 3.80 euroren truke erosi daitezke. 

Hilabeteari amaiera emateko, Entre nosotras filma proiektatuko dute, helduentzat. Kultur etxeko auditorioan izango da, 19:00etan eta 5,50 euroren truke.