Pandemiaren ondorioz espetxeetan ezarritako mugak salatu dituzte Sarek eta Etxeratek

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 26a, 21:01

Hilabete amaiera guztietan bezala, Azken Ostirala ekintza egin dute iluntzeanLasarte-Oriako Sarek. 80 bat lagun batu dira presoen eskubideen aldeko mobilizaziora.

Elizatzen elkartu dira hilabeteko azken ostiralean egin ohi duten bezala. Segurtasun tartea errespetatuta, ordu laurden inguruz pankarta atzean egon ondoren, Kale Nagusiko errepidera irten, eta Tajamar biribilgunea inguratu dute, kalean behera Okendora bidea hartu aurretik.

Plazan, Ixiar Arteagak Sarek eta Etxeratek adostutako idatzi bat irakurri du. Bertan, Espainiako Barne Ministerioak espetxeak "blindatzeko" hartutako neurriek presoen eskubideengan dituzten ondorioak jaso dituzte. Tartean, familiako komunikazioak eta mintzalekuko bisitak etetea. "Estatuek espetxe barruan beste espetxe bat eraikitzea erabaki dute, espetxeak itxiz, egoera ahal den heinean arintzeko neurriak hartu beharrean". Arrisku taldea badira ere, haien osasuna ahalik eta gehien babesteko neurriak ez direla hartu ere salatu dute, hala nola, kalitatezko musukoak emanez, kopuru egokian, edota txertoa jartzerakoan lehenetsiz. 

Hori horrela, bisitak eta komunikazioak lehenbailehen berreskuratu behar direla aldarrikatu dute, baita lekualdaketen eta hurbilketen berrezartzea ere. Gainera, NBEk, OMEk eta Europako Kontseiluak gomendatutakoaren arabera, euren osasunerako eta biztzarako eskubidea bermatzeko preso askok "gaixotasun larriak dituztenetatik eta 65 urtetik gorakoetatik hasita" aske egon beharko luketela ohartarazi dute.

Herriko presoen egoera

Jarraian, Joxe Mari Agirretxek herriko presoen egoerari buruz hitz egin du. Lannemezanen diren Aitzol Iriondok eta Ibon Fernandez Iradik lau hilabete daramatzate, ilobak eta semeak, hurrenez hurren, ikusi gabe; adin txikikorik ezin delako kartzelan sartu. Horrez gain, astean bisita bakarra jaso dezakete pertsona bakarrarekin. Jabi Gallagari dagokionez, berriz, hilabeteak igaro ditu bisitarik gabe; eta orain, astean bakarra izan dezake, baina kristal atzetik. 

Pandemia garai honetan, presoek berez gutxituta dituzten eskubideen "murrizketa bikoitza" jasaten ari dira Agirretxeren hitzetan, "bigarren mailako herritar bezala tratatzen dituzte". Horren adibide, proba batzuk egiteko ospitaleratu dutenean, inork ezin izan du Fernandez Iradi lagundu eta ez zegokion elikadura jaso duenez, "osasunerako mesede beharrean kalte" egin diola espetxetik irteteak. 

Datozen hilabeteetan mobilizazioekin jarraituko dute  eta egingo dituzten zenbait ekimenetan parte hartzera deitu ditu bertaratutakoak. "Bil gaitezen eta egin dezagun beharrezkoa den guztia euskal presoak lehenbailehen etxeratzeko". Baita materiala erosiz lanean ari den taldea babes dezaten eskatu ere, pandemiak horri ere eragin baitio. Lannemezango kasuan, Frantziako gobernuaren betekizuna da bisita egiten duten aldiro aurrez PCR proba egitea –125 euro–. Bidaia, egonaldia eta presoen beharrei erantzuteko gastuei gehitu beharreko beste kopuru bat. 

Erlazionatuak

Otsaileko Azken Ostirala, iruditan

Txintxarri Aldizkaria 2021 ots 26 Politika