Lesboseko errefuxiatuen egunerokoa, argazki erakusketa batean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 26a, 11:00

Lesboseko errefuxiatuen kanpamentuko egunerokoaz sentsibilizatu eta bizi duten egoera latza salatzeko argazki erakusketa antolatu dute Miren Bardaji eta Yousef Alshewailik. Antonio Merceron izango da, martxoaren 1etik 14ra bitarte

Bizipoza Lasarte-Oriatik Lesbosera ekimenak ekitaldi hunkigarri bezain goxoa egin zuen abenduaren 10ean, Manuel Lekuona kultur etxean. Miren Bardaji herritarra Greziako Lesbos irlako errefuxiatuekin egiten ari den lana gizarteratzeko asmoz antolatu zuten egitasmoa, eta, horrekin batera, Bizipozaren barruan dauden elkarte ezberdinen aurkezpena ere egin zuten. Orain, orduko ekimenaren balorazio bat egin dute, eta hori herritarrekin partekatu nahi izan dute. Eskerrak eman dizkiete "modu askotan" ekimenarekin bat egin zutenei: "Ederra izan da egindako bidea".

Abenduaren 10ean kultur etxean egindako ekitaldiko parte-hartzea, elkartasuna eta inklusioa oinarri hartuta, egunerokoan hainbat alorretan lanean dabiltzan herritarren arteko elkarlana nagusitu zela azpimarratu dute: "Aniztasuna, elkartasuna, inklusioa, elkarlana eta goxotasuna nagusitu ziren".

Orduko ekitaldira gerturatzeko aukerarik izan ez zutenek, badute bertan aurkeztutakoa ikusteko aukera oraindik. Izan ere, ekitaldia bideoz grabatu zuen lantaldeak, eta honako bi helbidetan ikusi daitezke. Ekitaldiaren lehenengo zatia, https://vimeo.com/498083892 helbidean dago ikusgai, eta, bigarren zatia, berriz, https://vimeo.com/500048975 helbidean.

Diru-bilketarekin ere pozik 
Bizipoza Lasarte-Oriatik Lesbosera ekimenak Bizum kontu bat ere jarri zuen martxan ekarpen ekonomikoak egin nahi zituzten herritarren eskura eta "oso pozik" agertu dira jasotako babesarekin . Jakinarazi dute, guztira 2.890 euro bildu dituztela, eta eskerrak eman dizkiete ekarpen ekonomikoak egin dituzten guztiei. 
Bildutako diru hori dagoeneko Lesbosera bideratu dutela ere azaldu dute: "Lesboseko errefuxiatuen kanpamentuan lanean ari den Miren Bardaji herritarraren esku jarri dugu, eta, berak, Lesbosen beharrak dauden egitasmoetara bideratu ahal izango du diru hori".

Argazki-erakusketa martxoan
Iragarri zuten iazko abenduan kultur etxeko ekimenaz eta diru-bilketaz gain, beste hainbat ekimen sustatuko zituztela, hala nola argazki-erakusketa bat, errefuxiatu-esparruko egoeraz sentsibilizatuz. Bada, martxoan izango da erakusketa hori, Antonio Mercero aretoan. Bardaji eta bere lagun Yousef Alshewailiren artean antolatu dute, Lesboseko errefuxiatu kanpamentuetako egoera gizarteratu, ikusarazi eta salatzeko helburuarekin.

Hogeita bat urteko errefuxiatua da Yousef. Iraketik ihesi, 2018ko otsailean iritsi zen Greziara, eta, orduz geroztik Lesbos bihurtu da bere bizileku. Argazki kamera eskuartean hartu, eta kamera atzean jartzea izan da Yousefentzat "askotan irtenbide bakarra".Konturatu zen argazkien bitartez kontatu zezakela Lesboseko errefuxiatu kanpamentuetako jendearen egunerokoa: "Polita, tristea edo itsusia, dena kontatu nahi dizuet, barrutik".

Martxoaren lehenean irekiko ditu ateak, eta 14ra arte izango da bertaratzeko aukera, ondorengo ordutegian: astegunetan 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan, berriz, 11:00etatik 13:00etara. Sara Etxeberriak abenduko ekitaldian egindako ilustrazioa ere bertan egongo da ikusgai.