Eskola mailako kirola berriro ere martxan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 26a, 09:15
Arg.: Eskola kirola

Lasarte-Oriak hilabete gune gorrian igaro ostean, eremu laranjara igaro zen lehengo asteko asteartean. Ondorioz, herriko eskola mailako kirola martxan jarri da. Hainbat kirol elkarteek lehengo astean bertan eman zioten hasiera saioei. Eskola kirola egitasmoa, berriz, astelehenean ekin zion berriro jarduerari

Jardunak aurrera jarraituko du, betiere, Lasarte-Oriako intzidentzia-tasa 500 baino gutxiagokoa bada. Berriro ere, puntu horretara iritsiz gero eskola mailako kirolak eten berria jasango luke. Hori bai, azken bi etenetan bezala, Landaberri ikastolako, zein Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko Eskola Kirola egitasmoko haur eta gaztetxoek etxean kirola egiteko aukera izango dute Sakatu dinamikaren bitartez.

Aldarrikapenekin jarraitu

Hala ere, Bultza Kirola egitasmoa lanean ari da maila horretako kirol jardunean eten berria gerta ez dadin eta ostalarien antzera, bide judiziala hartzea aztertzen ari dira. Zain daude. Espainiako Kongresuak kirola jarduera funtsezkotzat onartu baitzuen, otsailaren 18an. Eusko Jaurlaritzak eta LABIk ere gauza bera egiteko esperantza dute. 

Otsailaren 15ean kaleratutako oharrean euren eskaera berretsi eta Euskal Gobernuak jarraitzen dituen Berri bizi planen inkoherentziak salatu zituzten.

Era berean, kirol-praktika uzteari eta pandemia-hilabete hauetan egon diren kutsadurei buruzko azterlana egin du plataformak. Bertan kirol elkarteetako kideetatik %20,94ak kirola utzi duela ondorioztatu dute, baita kutsadura kasuak urriak izan direla ere. Euren datuen arabera, 2020 urtetik hona, kirol jarduera egitean 0 eta 3 kutsatu artean izan dituzte kirol elkarteek.