Hilean lau asteazkenetan jasoko dituzte hondakin arriskutsuak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 25a, 12:32

Hondakin arriskutsuen furgonetara herritarrek eraman ditzaketen hondakinak zerrendatu ditu udala. Andatza plaza ondoan jarri ohi da San Markos mankomunitateko 

Lasarte-Oriako Udalak gure etxeetan sortzen ditugun hondakin arriskutsuak gaika biltzeko sistema honetan parte hartzera animatzen ditu herritarrak, behar bezala birziklatu eta tratatu ditzaten, ingurumenean duten eragina murriztuz.

San Markoseko mankomunitateak, furgoneta espezializatu baten bidez, hondakin horiek hilabete bakoitzeko lehenengo, bigarren, hirugarren eta azken asteazkenetan biltzen ditu Andatza plazan astero egiten den azokan.

Furgonetara eraman daitezkeen hondakin arriskutsuak:

  • Sukaldeko olioa
  • Pintura, barniza, disolbanteak, kolak
  • Lanparak eta fluoreszenteak
  • Etxetresna elektriko txikiak
  • Telefono mugikorrak
  • Garbiketarako produktu kimikoak
  • Termometroak
  • Informatikako materiala (monitoreak, teklatuak, eta abar)
  • Pilak eta bateriak
  • Aerosol toxikoak (intsektizidak, lakak, eta abar)
  • Auto mobiletako olioak, bateriak, iragazkiak, izotz-kontrakoak
  • Kamerak eta argazkilaritza materiala
  • Erradiografiak
  • Herbizidak eta intsektizidak
  • Inprimagailuetako kartutxoak eta tonerrak
  • Jostailu elektriko eta elektronikoak
  • CDak eta DVDak.

Ohartarazi dute etxean sortutako hondakin arriskutsu horiek osagai ezberdinak nahastu gabe (bereziki likidoen kasuan) eraman behar direla furgonetara. Hondakin arriskutsuak birziklatzea baino saihestea hobe dela ere gogorarazi du Lasarte-Oriako Udalak.

Birziklatzea baino hobe, saihestea

Hondakin arriskutsuak birziklatzea baino hobe horien erabilera saihesteko gomendioa eman du udalak. Horretarako honako gakoak eman ditu:

  • Kontsumo txikiko bonbillak eta fluoreszenteak eraginkorragoak dira eta gehiago irauten dute.
  • Jostailu edo aparatu elektriko eta elektronikoak aukeratzean, lehenetsi sare elektrikora konektatzen direnak; bigarrenik, berriz kargatzeko bateriak dituztenak eta, azkenik, berriz kargatzeko pilak erabiltzen dituztenak.
  • Erabili osagai naturalekin (ozpina, limoia, patata...) egindako produktuak etxea garbitzeko.
  • Erabili berriz bete daitezkeen inprimagailu-tonerrak.
  • Aukeratu ur-pinturak.
  • Bota baino lehen, saiatu ez dabiltzan etxetresnak eta aparatuak konpontzen.
  • Optimizatu zure informatika-ekipoaren prestazioak bere elementuak mantenduz (memoria gehitzea...).
  • Erabili behin baino gehiagotan grabatu daitezkeen CDak edota pendrive-a.

Norberak behar ez dituen objektuak beste pertsona batzuen esku jartzeko deia ere egin du, iragarriz horretarako interneten dagoen bigarren eskuko merkatu iraunkorra: www.merka2sanmarcos.org

Iraungitako sendagaiak, farmazietara

Sendagaien ontzi hutsak edo sendagai-hondarrak dituztenak, beharrezkoak ez diren sendagaiak edota iraungita daudenak erabilera-orriarekin batera farmazietan utzi behar dira.