Bizikidetza jardunaldiak martxoari hasiera emateko

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 3a, 10:00

Lasarte-Oriako Udalak Bizikidetza jardunaldiak antolatu ditu. Gaur, martxoak 3, asteazkenez, 'Zubiak' dokumentala eskainiko dute, eta martxoaren 4an, berriz, mahai ingurua izango da Ana Isabel Perez eta Laura Pegorekin

Udalak bizikidetza "normalizatzeko" jardunaldiak antolatu ditu Manuel Lekuona kultur etxean. Jardunaldi horiek, udal taldeak bizikidetzaren inguruan aspaldidanik egiten ari diren hausnarketa lanaren emaitza direla nabarmendu du udalak eta herritarrentzako irekiak izango dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaularitzak finantzatuak izango direla ere jakinarazi dute.

Martxoaren 3an, asteazkenean izango da lehenengo jardunaldia. Zubiak dokumentala ikusteko aukera izango dute lasarteoriatarrek kultur etxeko auditorioan, 18:30ean, gaztelaniaz.

Dokumental horrek Maixabel Lasa du protagonistetako bat. Ia hemeretzi urteren ondoren, Lasak, Juan Mari Jauregiren alargunak, Ibon Etxezarreta, bere senarraren heriotzean parte hartu zuen ETAko kidea bazkaltzera gonbidatzen du. Hitzordu hori baliatzen du Lasak, Etxezarretarekin bere senarraren heriotzaz hitz egiteko.Egoera horretan kokatuko ditu ikus-entzuleak dokumentalak, eta, proiekzioa amaitu eta gero,  Maixabel Lasarekin solasaldia egongo dela ere iragarri dute. 

Martxoaren 4rako, berriz, mahai ingurua antolatu dute kultur etxeko hitzaldi gelan, ordu berean (18:30ean). Euskaraz eta gaztelaniaz izango da eta indarkeria polizialaren biktimen aitortzaren eta erreparazioaren inguruan solastuko dira Ana Isabel Perez eta Laura Pego.  

Zuzenbidean doktore dira biak eta Kriminologiako masterra eginak. Gaur egun EHUko Zuzenbide Penaleko irakasle titularra da Perez, eta unibertsitate bereko  Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzailea Pego.

COVID-19ari aurre hartzeko neurriak direla eta, gonbidapenak behar dira jardunaldietan parte hartzeko. Gehienez bi banatuko dira pertsonako eta kultur-etxean jaso behar dira 10:00etatik, 13:00etara eta 17:00etatik  20:00etara, eta, sarrerak eskuragarri geratuz gero, jardunaldien egunean bertan, ordubete lehenago lehiatilan.