Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi gogoratzeko, mendi-martxa larunbatean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 25a, 09:50

Igande honetan, otsailak 28, hemezortzi urte beteko dira Argi Iturraldek eta Iñaki Balerdik bizia galdu zutenetik: auto-istripua izan zuten, Juankar Balerdi senidea bisitatzera zihoazela Almeriako espetxera. Bi herritarrak oroitze aldera, mendi-martxa antolatu du Lasarte-Oriako Presoen Aldeko Batzordeak larunbatean, hilak 27. Bezperan, ostiralean, Azken Ostirala egingo dute Elizatzetik abiatuta, 20:00etan.

Teresategiko oroitarrira joango dira larunbatean. Zutabeetako bat Okendo plazatik aterako da, 10:00etan, eta bestea, berriz, 10:15ean, Zabaleta auzotik. Menditik itzultzean, Okendon bertan elkartuko dira guztiak, eta talde-argazkia aterako dute.