Furundarenak Espainiako txapelketako zazpigarren postuarekin esan dio agur pista estaliko denboraldiari

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 24a, 15:45
Naroa Furundarena, entrenamendu batean.Artxiboko irudia.

Ostadar Atletismo saileko Naroa Furundarena Absolutu mailako Espainiako txapelketan lehiatu da asteburuan, Madrilen.

Aurreko astean ez bezala, Naroa Furundarenak ezin izan du absolutu mailako Espainiako txapelketatik dominarik ekarri. Zail zuen, ordea, atleta gazteak. Jauzi hirukoitzeko bosgarren markarik onena bazuen ere, 13 metroetatik gorako jauzi batek bakarrik emango lioke domina. Hala ere, Ostadar Atletismo taldeko kideak Madrilen antolatutako txapelketan bere onena emateko prest zegoen. 

Furundarenak, ordea, ez zuen duela astebete 23 urte azpiko txapelketan erakutsitako sasoia izan eta ezin izan zen bere marka pertsonalera gerturatu.

Hiru jauzi baleko egin zituen bakarrik herritar gazteak guztiak 12,20 metroetatik gora eta bigarren jauzian lortu zuen emaitzarik onena, 12,25 m. Marka horri esker, 2020. urtean antzera, zazpigarren postua eskuratu zuen Furundarenak.

Oscar Goikoetxea Atletismo Saileko arduradunak nabarmendu bezala, "Naroa Furundarenak lortutako emaitza oso ona da. Are gehiago, kontuan izan beharreko balentria da, Naroak 19 urte besterik ez baititu". 

Era berean, atleta gazteak lorpen handiez betetako pista denboraldiari agur esan eta itxaropenez betetako aire zabaleko denboraldia prestatzeari ekingo diola jakitera eman du Atletismo saileko prestatzaileak.

Markak ontzen

Bestalde, Donostiako Antonio Elorza belodromoan 20 urte azpiko, 18 urte azpiko eta 16 urte azpiko atletek kontrol marken txapelketa izan zuten eta Ostadar Atletismo saileko kideetako batzuk lehenen artean egon ziren eta euren markak ondu zituzten.

Enara Gonzalez 20 urte azpiko mailan luzera-jauzi probako garaile izan zen denboraldiko marka eginez, 5,37 m. eta 60 m. proba, berriz, hirugarren (8"30).

Leire Centeno ere maila berean lehiatu zen, baina 800 m. proban. Hirugarren izan zen 2'44"52 denbora eginez eta denboraldiko marka hobetu zuen.

Alex Alkainek eta Unax Riezuk 16 urte azpiko mailako bigarren eta hirugarren postua lortu zituzten, hurrenez hurren. Eta biek euren marka pertsonalak ondu zituzten; Alkain, 7"76 eta Riezu, 7"84.

Nora Caspistegui, berriz, maila horretako lehen izan zen altuera-jauzian, 1,35 m.