Chourraut, berriro ere, podiumeko gorenean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 23a, 15:30
Maialen Chourraut, Mondarizeko kanalean lehian. Arg.: RFEP.

Maialen Chourraut herritarra eta slalom diziplinako piraguistak zorioneko daude. Urte betez Espainian lehiaketarik gabe egon ostean, asteburu honetan, lehiaketa denboraldiari eman zaio hasiera. Mondarizen, Pontevedran Espainiako slalom Kopako lehen proba jokatu dute eta garaipen bikoitza izan du

Chourraut Tokioko Joko Olinpikoak prestatzeko bidean darrai eta orain artean, azaroan jokatutako Munduko Kopako lehiaketak bakarrik jokatu ahal izan ditu. Nahiz eta lehiaketa gutxitan parte hartu, bere prestaketa bide onean doala erakutsi zuen Mondarizeko kanalean jokatu zen kopako lehen jardunaldian eta garaile izan zen K1 mailan.

Lehen proba honetan bi lehiaketa ezberdin jokatu ziren, bata larunbatean eta bestea igandean. Eguraldiari aurre eginez, bai sailkapenetan, baita finaletan ere nagusi izan zen olinpiar dominadun Chourraut.

Larunbateko lehiaketan, ederki  ibili zen sailkapen saioan eta 89s.59 denbora eginez lortu zuen finalerako txartela. Arratsaldeko finalean, berriz, arazotxo bat izan zuen bederatzigarren atean eta bi segundoko zigorra izan zuen. Chourrautek ezin izan zuen goizeko denbora hobetu; 91s.67 denborarekin garaipena erdietsi zuen, ordea.

Igandean ere berdin gertatu zitzaion olinpiar txapeldunari. Sailkapenean lasai jaitsi zen eta ez zuen akatsik egin, baina finalean bi segundo gehitu zizkioten hemeretzigarren atean izandako ezusteko batengatik. 102s.11 eta 95s.49 egin zituen sailkapen saioan eta finalean, hurrenez hurren.

Dena ongi bidean, martxoaren 6an eta 7an, ongi ezagutzen duen La Seu D'Urgellen lehiatuko dute Kopako bigarren jardunaldia eta maiatzean hirugarrena, oraindik zehazke dagoen kokalekuan.