Pirritx, Porrotx eta Marimototsi arrazoia eman die Nafarroako Administrazio Auzitegiak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 22a, 17:38
Argazkia:Katxiporreta

Iruñeko Udalak bertan behera utzi zuen Lasarte-Oriako sudurgorriek 2019ko azaroaren 29an Baluarte aretoan egin behar zuten 'Bizi dantza' ikuskizuna, kontratuan irregulartasunak zeudela argudiatuta. Orain, berriz, pailazoek ikuskizuna bertan behera uztearen aurka jarritako helegitea babestu du Nafarroako Administrazio Auzitegiak; arrazoia eman die

Nafarroako Administrazio Auzitegiak arrazoia eman die Lasarte-Oriako Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei. 2019. urteko azaroaren 29an, San Saturnino egunean Bizi dantza ikuskizuna eskaini behar zuten Iruñeko Baluarte aretoan, eta azken urteetan bezala, orduan ere iruindarrek aretoa goraino bete eta irri, dantza eta kantu eginaz hitzordu alai bat igarotzeko asmoa zuten. Ezinezko gertatu zen, ordea. Navarra Suma buru duen udal gobernuaren aginduz, bertan behera geratu zen ikuskizuna ( 2019ko abenduaren 21ean Anaitasuna alokatu zuten pailazoek eta bertan egin zuten emanaldia). Udalak aurrez pailazoekin sinatutako kontratuan irregulartasunak zeudela argudiatu zuen Navarra Sumak.

Erabaki hori "bidegabekeria bat" zela baloratu zuen pailazo taldeak, eta Nafarroako Administrazioa Auzitegian helegitea jartzea erabaki zuten. Orain, urtebete beranduago jaso dute auzitegiaren erabakia. Navarra Sumaren argudiaketa deuseztatu egin du auzitegiak, sudurgorriei arrazoi emanaz. 

Hiru arrazoi eman ditu Nafarroako Administrazio Auzitegiak pailazoen alde egiteko; horrela azaldu dizkio TXINTXARRI-ri Joxemari Agirretxe, Porrotx pailazoak: 

1.- Kontratua erregularra zela. Ez zuen espediente berezirik behar aurrera eraman ahal izateko, kopuru ekonomikoa txikia zelako eta, beraz, halako prozedura normal bat eramatea nahikoa zela.

2.- Irizpide kultural eta artistikoak erabili zituela udaletxeak kontratua aurrera eramateko eta ez zegoela inongo kutsu ideologikorik horretarako.

3.- Taldearen lanak eta eskaini behar zuen ikuskizunak ez zuela urratzen inongo haurren eskubiderik ezta balorerik ere.
Nola izango da horrela? Justu kontrakoa egiten dugu pailazook, haurren eskubide eta baloreak bultzatzen ditugu, euskaraz eta koloretan.

Auzitegiaren ebazpenarekin "pozik"

Pirritx, Porrotx eta Marimotots "oso pozik" agertu dira Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenarekin: "Agerian geratu da Navarra Suma alderdiak euskararen, euskal kulturaren eta balore aurrerakoien kontra daraman politika eta hori, gainera, inpunitate osoz egiten dutela".

Agirretxek azpimarratu du pailazoei 2019ko azaroaren 29an gertatutakoa beste zenbait kasuren artean adibide bat besterik ez dela: "Geurea izan da bat, baina, zerrenda genitzake bat baino gehiago. Euskal Herria irratiak lizentzia lortzeko sekulako oztopoak jasan behar izan ditu. Haur eskoletan gurasoek ezin dute euskarazko lerrorik aukeratu oso plaza gutxi daudelako, eta kontratazioetan euskara atzerriko hizkuntzak baino gutxiago baloratzen da. Guzti horrek zaildu egiten du euskaldunok euskaraz mintzatzeko eta bizitzeko daukagun eskubidea aurrera eramatea. Modu askotako bazterketak jasaten ditu gure hizkuntzak, kulturak eta gure lurralde propioak".

Indemnizazioa Iruñerriko haur eskolak babesteko

Indemnizazioa "oso-oso txikia" da, 250 eurokoa eta bideratuko dugu Iruñerriko haur eskolak euskaraz izan daitezen lanean dihardutenentzat. Hala azaldu du Agirretxek. Eta, aurrera begira, euskaldunei dei bat egin die: "Elkartu egin behar dugu, indarrak batu behar ditugu guk maite dugun Nafarroa eta Euskal Herri euskaldun anitz eta koloretsua erdiesteko". 

Prozesu horretan ondoan izan dituztenak ere ekarri ditu gogora: "Eskerrik asko gure ondoan egon zareten guztiei; txikiak gara, baina elkarrekin indartsuak".