COVID-19

Lasarte-Oriako intzidentzia-tasa beheruntz doa

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 22a, 14:00

Asteburuan bi kasu bakarrik antzeman ziren gure herrian; ostiralean ez zen kasurik izan eta larunbata eta iganden, berriz, kasu bana. Hori dela eta, Lasarte-Oriako intzidentzia-tasa beheruntz doa. Egun 252,03koa da eta gune horian gaude. Hala dio Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak egunero bezala argitaratu duten datu bilketak

Hilabeteko datu guztiak batuta, 121 kasu metatu dira otsailean. Era honetara, azken hiru hilabeteetako datuak alderatuta, otsaileko datuak urtarrileko baino hobeak direla ikusi daiteke, baita abendu amaierako kasuetara iristen ari garela ere.

Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan hamalau positibo erregistratu dira asteburuan. Lasarte-Orian eta Andoainen bina kasu izan dira; hiru, Usurbilen; sei, Hernanin eta Astigarragan, bat. Urnietan, aldiz, bere horretan mantendu dira, kasu berririk ez baitute atzeman.

Intzidentzia-tasa metatuari dagokionez, sei udalerriak daude gune gorritik kanpo, 400etik behera eta asteburuko datuei esker, gehienak gune horian daude. Lasarte-Oria eta Astigarraga izan dira gune horretan sartu berri direnak. Gure herriak 252,03ko intzidentzia-tasa du eta Astigarragak, aldiz, 254,72. Usurbil da gune laranjan dagoen bakarra eta Urnietaren bilakaera ikusita laster gune berdean sartuko da.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, atzo, 303 positibo diagnostikatu zituzten gauzatutako 6.646 proben bidez. Kasu positibo horietako 85 Gipuzkoan hauteman zituzten; 166, Bizkaian; 46, Araban; eta gainerako seiak EAEtik kanpo bizi diren herritarrak dira. COVID-19ak eragindako 27 lagun ospitaleratu zituzten atzo eta guztira, 396 dira. Gaixo horietako 145 ZIUetan daude.