Botadun katuak dantza eta kanta ezagunak ekarri ditu kultur etxera

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 20a, 19:12

Gazteluko magia berreskuratzeko abenturaren parte izan dira larunbat arratsaldean aretora bertaratu diren familiak. Hiru ilobek, amonak, botadun katuak eta gainerako pertsonaiek umore, doinu eta alaitasunez bete dute agertokia. 

Oso urrutiko herrixka batean, amona zahar batek bere bilobak bildu eta bakoitzari etxeko objektu bat emango dio heredentzia moduan, eta harekin, gazteluko atea irekitzeko misioa jarriko die. Haiekin zerbait sortu behar dute. Lapikoa, oihal zatia eta bota parea eman die bakoitzari, baina objektuak berak ez du garrantzirik, horrekin egin dezaketenak baizik.

Nahiz eta ahalegintzeko ohartarazi amonak, ilobetako bik ez diote jaramonik egingo. Lehenengoak, lapikoarekin pastela erraz bat egingo du, zaporerik gabe. Bigarrenak, berriz, oihal zatiarekin malabare jolasak egingo ditu, baina graziarik gabeak. Hirugarrena oinetakoekin zer egin erabakitzen ari dela, katu bat agertuko da. Ezustean botak jantziko ditu eta hizketan hasiko da. Animaliak proposatuko dio margoak erabiltzea gazteluaren magia berpizteko eta elkarrekin egingo dute bidaia. 

Gaztelura bidean, hamaika gorabehera eta pertsonaiekin topo egingo dute hiru ilobek eta botadun katuak. Dantza eta kanta ezagunen moldaketekin jositako obrak ondo pasatzeko aukera eman die haurrei. 

 

 

Erlazionatuak

Glu Glu taldearen 'Botadun katua' antzezlana

Txintxarri Aldizkaria 2021 ots 20 Kultura