Gipuzkoako Futbol Federazioak, lehiaren hasiera aztertzen

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 19a, 11:30
Ostadar Erregional Goreneko partida bat.

Gipuzkoako Futbol Federazioak martxoaren 14an lehiaketei berriro ekiteko aukera aztertzen ari dela jakitera eman du. Moldatutako txapelketa izango litzateke eta izena-emate librekoa. Parte hartuz gero, Ostadar SKTko Ohorezko Erregionalak eta Erregional Gorenak igoera jokatuko lukete

GIpuzkokako Futbol Federazioa zonakako talde txikien eta lagunarteko taldeen arteko txapelketa baten bideragarritasuna aztertzen ari da. Hori martxoan hasiko litzateke, izen-emate librekoa eta igoerarik edo jaitsierarik gabekoa izango litzateke gizonezkoen Erregional Gorengo eta emakumezkoen Erregional Ohorezko mailetan izan ezik.

Bi maila horietan igoerekin lehiatu ahal izatea aztertzen ari da Federazioa, "baldin eta datek denbora luzez lehiatzeko aukera ematen badute". GFFk argitaratutako oharrean azaltzen denez, erabaki hori hartu dute goragoko kategorietan mailetan geratzen diren lekuak betetzeko asmoarekin.

Federazioak formatu lehiaketa formatu hori seguruagoa dela uste du, lehia-burbuila independenteak sortu eta eremu desberdinetako taldeen artean elkar eragiteko arriskua txikituko litzatekeelako. Gainera, bizi dugun eragoeran lehiatu nahi ez duten klubentzat izena emateko askatasuna ahalbidetzen duela ere nabarmentzen du, "balio negatiborik gabe".

Data hori iritsi eta lehiaketei berriz ekiterik ez balego, denboraldia behin betiko bertan behera utziko litzatekeela ere ohartarazi dute.

Hala ere, lehiaren hasiera ez da ziurra. Erabaki hori ezohiko batzar nagusi baten esku baitago. Bertan, klubei aldez aurretik eremukako bileretan aurkeztuko dizkieten aukerak eztabaidatuko lirateke.