Trafiko istripuen gainean kontzientzia hartzeko

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 19a, 13:50
Irudia: Trafikoa, Eusko Jaurlaritza

'Don't be Dummy, Zuk ez duzu ordezkorik' kanpainaren berri izango dute, datorren astean, Oriarte Institutuko batxilergoko ikasleek. Trafiko-istripuak saihesteko helburuarekin sortu dute kanpaina, eta gazteek kontzientzia hartzea nahi dute

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Don’t be Dummy, Zuk ez duzu ordezkorik izeneko ekitaldi ibiltariak trafiko-istripuak saihesteko helburuarekin sortu da, eta Euskadiko ikastetxe ez unibertsitarioetako gazteei zuzenduta dago; 15 eta 20 urte bitarteko gazteek parte hartzen dute horietan.

Datorren astean, Lasarte-Oriako gazteek izango dute kanpaina hori ezagutzeko aukera. Oriarte Institutuko ikasleek bide-heziketa programa ezagutzeko parte hartzeko aukera izango dute. 11:05ean hasiko dute saioa lehenengo batxilergoko 103 ikaslek streaming bidezko saio bat jasoko dute.

Testigantza ezberdinen berri izango dute ikasleek. Besteak beste, ertzain, suhiltzaile, larrialdietan lan egiten duen medikua eta trafiko istripuen biktimen bizipenak ikusi eta entzungo dituztela jakinarazi dute antolatzaileek: "Lehenengo pertsonan kontatutako testigantza horien bitartez, gazteen barnea mugitzea lortzen da; bizipen horiek oso hunkigarriak izaten dira eta gazteengan inpaktu handia sortzen dute".

Ekitaldia ibiltaria da, herriz-herri egiteko pentsatua, antzoki edo zine aretoen berezitasunak berregiten dituen leku jakin batzuetan gauzatzen da: "Helburua arreta eta hausnarketa bidera ditzakeen giroa sortzea da".

106 saio 
Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako 46 udalerritan egon da programa, eta, dagoeneko, 106 saio burutu dituzte; 143 ikastetxek partu hartu dute horietan. Guztira 24.300 ikusletik gora eduki ditu Don't be Dummy kanpainak, eta 83 lekukok eman dute, horietan, euren testigantzen berri.

Dummy, 3Dn sortutako avatar elkarreragile bat da, kanpainaren gidaria eta errepideari lotutako profesionalen zuzeneko lekukotzak trafiko-istripuetako biktimak eta beren senitartekoen testigantzak eta ikus-entzunezko lanak uztartzen ditu.

Zergatik Don't be Dummy?
Gazteria trafiko-istripuak izateko arriskua areagotzen duten faktore multzo baten jabe dela azaldu dute antolatzaileek: "Alde batetik gazte psikologiari lotutako faktoreak daude, besteak beste, exhibizionismoa, norberaren gaitasunen neurriz kanpokotasuna, auto-baieztapena, arriskuaren topaketa, talde presioaren eragina eta beste alde batetik aurreneko urteetako gidatze esperientzia eza".

Kanpainaren berri edo saioa kontratatu nahi dutenentzat kontakturako info@dontbedummy.eus helbidea edo  944 668 610 telefono zenbakia jarri dituzte eskuragarri. Kanpainaren laburpen bideoa ere prestatu dute: youtu.be/BM3NpQNapq4.