Hondakin industrialak Zubietako erraustegira eramango dituztela baieztatu du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa batean.
Ingurumen baimen bateratua moldatzeko eskaera egin dio GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak Eusko Jaurlaritzari. Moldaketa horren bitartez, hondakin industrialak Zubietako erraustegira bidali ahal izatea da helburua, eta, onetsi egin dute eskaera hori. Tapiak azaldu du GHKren eskaerak baldintzak betetzen dituela, eta aldaketa edo moldaketa horiek "ez-funtsezkoak" direlako onartu dutela eskaera, nahiz eta, hasiera batean, erraustegia hiri-hondakinak kudeatzeko soilik aurreikusi zuten.
Sailburuak azaldu du erraustegira iritsiko diren hondakin industrialak ez dituztela erraustuko, baizik eta tratamendu plantan balorizatu. Birziklatu ezin diren industria hondakinak elektrizitatea sortzeko erabiliko direla esan du, nahiz eta onartu duen hondakin industrial horiekin energia elektrikoa sortzeko prozesua errausketaren bidezkoa izango dela.